Artur Mas.

Korapiloa estutzen

Ezintasunen batuketa ematen du azkenaldion Kataluniako prozesuak. Independentziari ekiteko Parlamentuak onartutako ebazpena guztiz herren geratu da Generalitateko presidentearen aukeraketak porrot egin ostean eta Espainiako Gobernua, aldiz, ez da gai sakoneko arazoari heldu eta aurre egiteko

joseba arruti

Lunes, 16 de noviembre 2015, 01:54

Egitasmo subiranista muturreraino eraman guran ari direnek, Artur Mas buru, behaztopa egin dute aurreko astean, tinkotasuna eskatzen zuen urratsari ekiterakoan. Irailaren 27ko emaitzen ostean independentziaren aldekoek ezin dute oinarrizkoetan banatuta agertu, ezinean geratu nahi ez badute. Parlamentu berria osatu ostekoaren kudeaketa politikoa traketsa izan da ... erabat, eragile ezberdinen arteko interes kontrajarriek eraginda. Gobernu indartsu bat osatzeko akordiorik gabe Parlamentuak presaka onartutako ebazpenak ez du indarrik. Generalitateko bozeramaile Francesc Homs-ek berak onartu berri du, CUPek Mas hautagaiari emandako ezetz borobilak prozesuaren azkena abiatzeko aukera bertan behera uzten duela nabarmentzerakoan. Ulergaitza da hain momentu kritikoan gobernu berriaren buruaren inguruko gehiengorik osatu ez eta Espainiarekiko deskonexioaren hasiera aldarrikatu izana. Prozesuaren mugetako eta kontraesanetako asko agerian uzteko baino ez du balio izan horrenbesteko premiaz jokatzeak, eta zalantza asko gehitu dizkie lehendik zeudenei. Hauteskunde berrien mamua gorpuzten hasteak bat-batekotasun itxura areagotzen du, eta sinesgarritasuna kentzen dio Errepublika propioa egituratzeko asmoari.

Publicidad

Junts pel Sí koalizioaren garaipen zabala ez zen gehiengo osoa lortzeko bestekoa izan, eta horren giltza ezker muturreko CUPen esku geratu izanak baldintzatu du bozez geroztikoa. Irailaren 27ko gauean jakin zuen Artur Mas-ek zail izango zuela karguan jarraitzea, alderdi antikapitalistak betoa jarri baitzion aspaldi. Hala ere, azken orduko keinuren baten zain geratu ziren alde biak, aurrekoak prozesua pertsonen gainetik jarriko zuelakoan. Baina bakoitzak bere probetxurako baliatu nahi zuen printzipio hori. Mas berresteko eutsi zioten horri batzuek, eta berori akabatzeko besteek. Zerrenda bozkatueneko kideek estrategikotzat jo dute Generalitateko egungo presidentea karguan mantentzea, sektore politiko, sozial eta ekonomiko jakinetan duen itzalaren ondorioz eta, independentziaren mesedetan, ezinbesteko bidaide zituztenek azkenean amore emango zutela iritzi zioten. Hauek, aldiz, burujabetza osoaren aldarean Masek bere burua sakrifikatzeko euren ustezko beharrari eutsi diote, agintari neoliberaltzat jotzen dutenarenak politikoki egin duelakoan.

Jokoan dagoena aintzat hartuta, nekez uler daiteke Junts pel Sí-k eta CUPek erakutsi duten itsukeria. Urteetako estrategia azkeneraino eramateko azken txanpan aurrera egin ezinik geratzeko arriskuaren menpe daude orain, boto bakar bat sobera ez dutenen arteko zatiketek zuzenean porrotera bultza baititzake. Eskainuen gehiengoa ez da nahikoa izango prozesua azkenean berresteko aurreikusita dagoen galdeketa erabakigarrian, eta batasun faltak kalte baizik ez dio egingo herritarren orain arteko babes maila handitzeko ahaleginari. Alde horretatik, bidegurutzean daude independentziaren bultzatzaileak, helmugara heltzeko falta dakiekeen indarra alperrik xahutzen. Horrek ahuldu egiten ditu politikoki, baita gainera datorkien mota guztietako oldarraldiari aurre egiterakoan ere.

Ikuspegia zabalduta, nork baldarrago jokatzeko lehian ematen dute xake taulan aurrez aurre ari diren bi aldeek. Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionala jarri du lanean, Kataluniako agintariak beldurtu eta handik iritsitako erabaki politikoak indargabetzeko asmoz. Baina galdeketa loteslea egin ahal izateko akordioa lortzeko aukera aspalditxo galduta, independentzia nahi dutenei hausturaren bidea baino ez zaie geratzen. Bereizteko baldintzen inguruko akordiorik ezean, Estatu izan gura duen zatiak osotasunaren legedia betetzeari utziko dio ezinbestean prozesuaren momenturen batean. Baina horretarako, jakina, gehiengo zabala behar du gibelean, eta Katalunian, oraingoz, galdeketaren inguruan baino ez dago horrelakorik.

Bertan jazotzen ari denaren atzean lehen mailako arazo politiko larria dago, populazioaren erdia orain arte hartu duen Estatuarekin hautsi nahian dabilelako. Hori ez da konpontzen neurri judizialekin, elkarrizketarekin eta negoziazioarekin baizik. Agian independentziaren aldekoek egun ez dute xede hori gauzatzeko indar nahikorik baina bai, ordea, Rajoyren gobernua mahai baten inguruan esertzera behartzeko eta autogobernu eredu berri bati buruzko prozesua abiatzeko. Espainia modernotasunaren, aniztasunaren eta askatasunen esparru posible bakartzat jotzea zentzugabea eta antzua da eta ez du ezer konpontzen, areago historian zehar maiz justu aurkakoa izan denean, eta kataluniar gehien-gehienek galdeketa baten alde eta horien erdiak independentzia guran luzatutako aldarri politikoari maila bereko erantzun demokratikoa eman behar zaio, arazoa bideratu nahi bada. Lurralde batasunek populazioen atxikimendu zabalen bitartez irauten dute, ez nazio izaerako zatietako baten Parlamentuaren hain oinarrizko gurariei lepoa emanda.

Publicidad

Bestelako akordiorik lortzeko gaitasunik edo borondaterik ez badago, galdeketa loteslearena da irtenbide bakarra, Katalunian bertan babes handi eta zeharkakoa duena. Cameronek Eskozian zabaldu zuen bide hori eta, ohi denez, egoera historikoak, politikoak eta baita juridikoak ere parekaezinezkoak izan arren, horren inguruko arau adostuek baino ez dute ahalbidetuko egungo egoera gainditzea. 1978ko Konstituzioarekin, dena den, ez dago horretarako aukerarik. Kataluniako prozesuaren bultzatzaile politiko nagusiak ezgaituta edo kartzelaratuta arazoa konpondu ez eta muturtu egingo da. Espainiako gobernuak oso argi izan beharko luke hori, Estatuaren deslegitimazio prozesuak txarrera egin dezakeela oraindik bertan, eta egungo egoera atzeraezinezko bihur dezakeela. Arazo politikoei irtenbide politikoak bilatu behar zaizkie, garaiz. Eta honako hau ez da nolanahikoa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad