Aitor Esteban.

Bestelako lehia

Hilabete eta erdi barruko hauteskunde orokorretan euskal bereizgarri politikoak nabarmenduko dira berriz ere. Espainia mailako norgehiagokak ez du zerikusirik izango bertoko indar banaketarekin, popularrek eta sozialistek ordezkaritza urria eramango baitute Kongresura

joseba arruti

Lunes, 2 de noviembre 2015, 01:26

Luze ematen zuena ia bertan dago, aste gutxiren bueltan. Mariano Rajoyk azkeneraino eraman du legegintzaldia, abenduaren 20ra arte. Azken lau urteotako gehiengo osoa oroitzapen gozoa besterik ez da izango PPrentzat bozen kontaketa egiten denetik, jarraipenik izango ez duena. Jaitsiera nabarmena jasango duten jakitun dira, eta ... horregatik erabaki du Gobernuko presidenteak ia Gabonetara arte jotzea, politikoki baliogabeko diren egunetara arte. Azken inkestek diotenez, popularrek dute aukera gehien hauteskundeak irabazteko, baina koalizioa beharko lukete erdia gehi bateko gehiengora gerturatzeko. Gaur egun dutenetik baino askoz hurbilago gera litezke ehun eserleku eurenganatzetik, amildegiaren sakonetik. Sozialisten eta Ciudadanos-en arteko parekotasuna gero eta handiagoa ei da, eta Podemos-ek indar dezente galdu du azken hilabeteotan. Euskadin, dena den, lau horietako batek ere ez du nagusi izateko inolako aukerarik, ezta hurrik eman ere.

Publicidad

Bertokoa errealitate politiko zeharo ezberdina da, berezko ezaugarriz josia, eta hauteskunde orokorrak alderdi abertzaleentzat lehiarako zailenak diren arren, oraingoan ere EAJ gailenduko dela diote etengabe egoeraren azterketa egiten ari diren etxeek. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak berriki aurreratu duenez, jeltzaleek sei ordezkari eramango lituzkete Kongresura abenduaren 20tik aurrera, orain arte baino bat gehiago, eta EH Bilduk, lau, bi gutxiago. Koalizio abertzaleari adina diputatu ematen dizkio aipatutako inkestak Podemos-i, eta PSE-EEk eta PPk, aldiz, behera egingo lukete, lehenak lautik bira eta bigarrenak, hirutik bira. Ciudadanos-ek, azkenik, hutsaren hurrengo izaten jarraituko du.

Datu horiek azken urteotakoen jarraipena dira, inor harritu behar ez luketenak. Jeltzaleak indartsu ari dira aspaldion, ohikoan zentralitatetik ekiteak eman dien bultzadari esker. Jaurlaritzaren kudeaketa moduak oso lagungarri zaizkie, krisi garaian eraginkortasunez jardutea oso aintzat hartzen baitute herritarrek. Alde horretatik, Iñigo Urkullu lehendakariaren irudi instituzionala ezin hobea da, eta bere gobernuaren lanak balorazio ona merezi du. Legebiltzarrean gutxiengotik abiatu beharra bertute bihurtu du EAJk, sozialistekin gauzatutako lotura estrategikoak egonkortasuna bermatzen duelako bestelakoekin hitz egitea eragotzi gabe. Abilezia politiko horrek beti izan duen esparrura eraman du EAEko alderdi nagusia, gidari zereginetara, akordioak ahalbidetzera, lokarri izatera. Eta, zailtasunez betetako aldion, euskal herritarrek hori saritu dute boza ematera hurbildu direnero. EH Bildu bere zenbait korapilo askatu ezinik dabilen bitartean, alderdi jeltzaleak ezin finago jo du aurrera, bai gobernu lanetan eta baita etorkizunera begirako egitasmoak zehazterakoan ere. Horri esker, abertzaletasuna eta ongizatea bat egiteko luzaroan erakutsi duen gaitasuna dela eta, EAJ izango da berriz Gorteetara euskal ordezkari gehien bidaliko dituena.

Foru eta udal hauteskundeetako kolpearen ostetik, EH Bildu bere lekua berreskuratu guran dabil. Iraganari buruzko irakurketa autokritikoan gehiegi sakontzeko gero eta gogo gutxiagoz nabari zaio koalizioaren zatietako bati, eta gai sozialetaz baino bestelakoetaz arduratuago. Horrek Podemos-en ingurura eraman ditu kontzientzia soziala beste edozeren gainetik jartzen dutenetako asko. Herritarrek hala erabakita erreferente abertzale nagusia EAJ denez eta ezkerreko eremuan ere lehiakide bizkorra agertu zaionez, EH Bilduk gogor ekin beharko dio bere ildoa indartzeko eta eraginkortasunarekin lotzeko. ETAren amaieraren osteko ezohiko batuketak atzean geratu dira, eta egunerokoan aritu beharra deseroso egiten zaiola ematen du, epikatik kudeaketara bitarteko bidean erdi galduta dabilela. Arnaldo Otegi kartzelatik irtetzeak bestelako jauziak ekar litzake beharbada, nahiz eta ezker abertzalea bere historian zehar protagonismo indibidualen oso lagun izan ez den. EAJri abertzaleen arteko lidergoa kentzeko ahaleginean porrot egin du bete-betean EH Bilduk, eta etorkizuneko testuinguruetan gero eta zailago egingo zaio horretarako aukerak izatea. Podemos-en haginkadak ezintasun hori areagotu besterik ez du egingo.

Pablo Iglesias-en alderdia ez dago bere onenean, baina EAEn babes maila nabarmena izango duela ematen du. Makroekonomiaren eta hainbat etxetako errealitatearen artean dagoen aldea lagungarri zaie Podemos-en tankerakoei, herritar askoren ezinegonaren hartzaile direlako. Krisiaren aztarnetako askok kronifikatuta diraute, eta oso luze joko du lehengoaren antzeko egoerara itzultzeak. Horrek, jakina, mezu antisistema indartzen du, askok eztabaida nazionalaren gainetik jartzeraino. Hori da Ahal Dugu-ren indargunea, baina baita bere ahulezia puntu nagusia ere. Bi ardatz horien arteko orekak ondo neurtzen jakitean datza talde politiko honen epe ertaineko etorkizuna.

Publicidad

Sozialisten eta popularren egoerak, berriz, ez du atzerabueltarik izango batek daki noiz arte, aldaketa sakonak gauzatzen ez dituzten bitartean behintzat. Krisia kudeatzeko erakutsi dituzten moduek, Zapateroren azkenekoek eta Rajoyren lau urteotakoek, sinesgarritasunik gabe utzi dituzte herritar askoren aurrean. Hondoan egingo dute topo biek abenduaren 20an, sakoneko hainbat arazori konponbideak emateko eta errealitate sozial berri askotara egokitzeko ezinean dabiltzala erakutsi ondoren. Ciudadanos-en agerpenak biei egingo die min, Euskadin izan ezik, hemen apurretan ari baitira Riverarenak. Honen gazte irudiak nolabaiteko berritasuna isla dezake, adinezkoa baino izan ez arren, nahiz eta bere errezetek orain arteko arazoetako asko konpondu ez eta berriak bezain larriak sor ditzaketen. Arinkeria darie alderdi laranjaren proposamenetako askori, batik bat Estatuaren lurralde antolaketarekin zerikusia dutenei. Hortik jotzeak egungo krisiak konponezin bihur ditzake, tentsio berriak sortuz eta sistema autonomikoa irteerarik gabeko bidera eramanez. Oreka eta elkarrizketa askoren beharra dagoenean, arazoak ez dira ustezko zentroaren oldarkortasuna baliatzetik konponduko. Euskal herritarrek, behintzat, argi dute hori.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad