joseba arruti
Lunes, 19 de octubre 2015, 02:13
Arabako bere alderdikideei aurre egin zienetik, asteazkenera arte hiru lurraldeetako PPko buru izandakoa ahultasunak jota zegoen. Horregatik utzi dute bakarrik aukera izan duten lehenengoan, Eusko Legebiltzarrean bizikidetzari buruz aurkeztutako mozioa aitzakiatzat hartuta. Ekimenaren helburua aurrera begirako urrats bat egitea zen, bakeaz eta berradiskidetzeaz alderdien arteko ... jarrerak gerturatuz, EH Bildu barne, akordio politiko bat lortu ahal izateko. Honen berri izan bezain laster, Genovak eta Espainiako Gobernuak berehala agindu zioten atzera egiteko, mozioak indarkeriarekiko arbuioa bai baina ETAren aurkako gaitzespen zehatzik aipatzen ez zuelako. Osasun ministro Alfonso Alonso, EAEko PPn benetako botere faktiko izateari sekula utzi ez diona, berehala agertu zen Quirogak egindakoaren aurka eta, mozioarekin batera, azken hau erori arazi zuen. Haren esanetan ekimena hankasartzea zen, ezin baitzaio uko egin ETAren terrorismoaren gaitzespen zehatza ezker abertzaleari eskatzeari. Duela aste gutxira arte ez zuen ematen bertoko popularren zuzendaritzan bakegintzari buruzko iritzi kontrajarririk zegoenik, baina oraingoan barruko aspaldiko arazoak gai horri buruzko jarrera ezberdinei gehitu zaizkie Legebiltzarreko presidente izan zenaren kalterako.
Publicidad
Etsai gordin bihurtu zitzaizkien Arabako PPkoak Quirogari honek Iñaki Oyarzabal idazkaritza nagusian mantentzeari uko egin zionean, 2013ko maiatzean lehenak Antonio Basagoitiren lekukoa hartzerakoan hain zuzen. Nerea Llanos bizkaitarraren aldeko apustuaren ordaina hurrengo urteko martxoaren 8an egindako kongresuan jaso zuen, banaketa giro horretan, eta hautagai bakarra izanda, Quirogak Donostiako Kursaalean bildutako ordezkarien %72,8ren babesa baino ez baitzuen lortu, azken hogei urteotan EAEko PPko buru batek inoiz jasotako txikiena. Geroztik, hauteskundeetako emaitzek ez diote batere lagundu, gero eta txarragoak izan direlako. Popularrek eusteari ekin diote ETAren osteko agertoki politikoan, ezker abertzaleak erakunde horrek baliatutako indarkeriaren aurreko gaitzespen irmo eta argirik eskaini ezean milimetro bakar bat ez mugitzeko erabakia hartuta. Hautesleek ez dute jarrera hori ontzat jo, antza denez, eta maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan PP lur jota geratu zen, aspaldi-aspaldiko txarrenean. Araba izan zen salbuespen bakarra, Gasteizen Marotok irabazi baitzuen eta lurralde mailan ere boz gehien jaso zutenak izan baitziren, nahiz eta gerora, itunen ondorioz, Udala eta Aldundia EAJren mesedetan galdu.
Barruko giro txarrak eta Bizkai eta Gipuzkoako bata bestearen atzeko porrotek asko higatu dute Quirogaren egoera. Alonso eta bere ingurukoak zain izan ditu, aukera zutenean kolpea emateko prest. Ez da sekretua Osasun ministroa oso estimatua dela Madrilen, Soraya Sáenz de Santamaría presidente ordearen babespean. Horri zor dizkio bere egungo sendotasuna eta kokapen politiko estrategikoa. Bere eskutik jalgi da Javier Maroto ere, etorkinei buruzko bere iritzien eraginez Gasteizko udalean oposizio guztia aurka jarri eta alkatetza galdu ostean. Egoera horretan, mozioarena aitzakia ezin hobea izan da Alonsok Quiroga akabatu eta bera alternatiba bakartzat aurkezteko, alderdiaren salbatzaile modura agertzeko. Bedeinkazio guztiekin hartu du kargua bertoko Zuzendaritza Batzordean, datorren urteko ohiko kongresuan berretsia izan arteko izendapenean.
Hauteskunde orokorrak berton daude, eta alderdiek ez dute mugimendurik egingo horiek igaro arte. Are gutxiago PPk, boz eta barne batasun falta nabaria duelako. Ezin du bakegintza eta berradiskidetze prozesuan arriskatu, Euskal Herrian mesede egingo liokeen arren bere kalkuluak Espainia mailakoak direlako. Eta horretarako prest daude Bizkai eta Gipuzkoako euren egoera agonikoa luzatzeko, EAEn ia apaingarri izateko. Kezkagarriena ez da alderdi mailako edozein gorabehera, horren kudeaketa kide direnei baitagokie. Benetan ardura duena euskal politikagintzan eta bereziki aipatutako bi arlo horietan guzti honek izango duen eragina da. Egonean geratzeak, erresistentzia hutsaren estrategiak, ez du hainbat urtetako ziklo dramatikoa behingoz ixten lagunduko. ETAk gordintasun bereziz jomugatzat hartu zituenei inori baino gogorrago egingo zaie aurrera begiratu behar hori, baina gizarte modura ez dago beste alternatibarik. Bestelakoak geldialdi jasanezina baino ez du ekarriko, eta horren alde egiten dutenen arduragabekeria herritarrek aukeratu behar dutenero zurituko da, gizartea ez baita geldituko.
Alfonso Alonsoren aukeraketak abenduaren 20tik aurrera guzti horretan zein ondorio izango duen argitzea falta da. Ezker abertzaleari urratsak egiten jarraitzea eskatu behar zaio, jakina, atzean utzi duena ez baita euli baten ikutua. Baina eskaera irmo hori ekimen politikoz jantzi behar da, horma itxura hartzeak ez baititu besterik gabe arazoak bideratzen. Eta PP ez da edozein alderdi, Espainiako Gobernuan aritzeak ardura bereziz jokatzera derrigortzen duelako. Ezin da, beraz, amaigabeko geroko gerotan geratu, eta auzi honi behingoz heltzea dagokio. Ziurrenik, datorren urtean bertoko hauteskunde autonomikoen txanda izateak ez du berriz bide horretan lagunduko, baina prozesu ezak ezin du etengabe iraun.
Publicidad
Arnaldo Otegi kartzelatik irtetzea bultzagarri izan behar da Sortuk ere konfiantza giro berri bat sortzeko ahalegina areagotu dezan. Atzera begirakoetan ezin da trikimailurik ez hitz-jokorik baliatu. PPk ere euskal gizartea non dagoen ulertu eta urratsak egin behar ditu horra arte gerturatzeko. Arantza Quirogak ez du abilezia handirik izan bere alderdia kudeatzeko, baina azkenengo momentuan ondo ulertu du zer dagokion PPri berandu baino lehen ernalduko den bizikidetza aro berrian. Aznarrek askoz egoera hauskorragoan egin zituenetako batzuk oso lagungarri lirateke ETAren arma uzteak atzera bueltarik ez duen honetan egungoa behin betiko bideratzeko. Denborak arrazoia emango dio Quirogari. Bai ala bai.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.