Mariano Rajoy eta Iñigo Urkullu.

Jo eta su desafinatzen

Kontzertu ekonomikoaren aurkako oldarraldia aspaldikoa da, zenbait alderdi txikik bultzatutakoa hasieran baina gerora handiagoetan ere oihartzuna izan duena. Horren aurrean ezinbestekoa da euskal alderdien batasuna eta irmotasuna

joseba arruti

Lunes, 12 de octubre 2015, 01:37

Politikan ohikoa da norbere arazoetaz hitz egin ez dadin besteen kontuetaz zalaparta eragitea. Horretan dabiltza bateko eta besteko zaratalariak aspaldion, bertoko autogobernuaren ikur nagusietakoa jomuga hartuta. Kontzertu ekonomikoa, eta Ituna Nafarroan, muineko bereizgarriak dira euskal lurraldeentzat, iragan luzekoak eta egungo legedian ondo sustraitutakoak. Ezinbesteko tresna ... izan dira indarrean dagoen erakundetze egitura gauzatzeko, horien inguruan garatu baita gainerako guztia. Beraz, kolokan jarri nahi dituztenek bete-betean egiten diote eraso bi erkidegoetako funtsezko ezaugarrietako bati, horien bitartezko autogobernu esparruari. Bazterrak nahasten dabiltzanek, Euskal Herrian politikoki hutsaren hurren diren horiek, erantzun bateratua eta argia jaso behar dute. Ezin izango dute Kontzertua ikutu 1979ko itun zabala hautsi gabe.

Publicidad

Kupo bidez Espainiako gobernuari ordaindu behar zaizkionen inguruko eztabaida oso zaharra da, Kontzertua 1981ean berrezarri zenetikoa ia. Zenbatekoa 1982an zehaztu zuten bi aldeek, negoziazio luze baten ondoren: %6,24, hori baitzen euskal ekonomiak Estatukoan garai hartan zuen pisua. Kupoa bost urtero eguneratzen da, propio negoziatzen eta berritzen den lege baten arabera, eta egun 2007-2011 epekoak jarraitzen du indarrean, akordiorik ezean aurrekoa luzatzea erabaki baitzen duela lau urte. Transferitutako gaiena da orain ezadostasunen sorburu nagusia, egoera egonean utzi duena.

UPyD-k eta Ciudadanos-ek pribilegiotzat jo izan dute aldundiei zergak biltzeko ahalmena ematen dien sistema, eta Kupoaren zenbatekoari ez diote nahikoa irizten. Erkidegoen eta berauetako herritarren arteko elkartasunaren aurkakoa delakoan, behin eta berriz ekin diote Kontzertua auzitan jartzeari. Lehenek indar politiko txikia izan dute beti EAEn eta bigarrenek Kataluniatik egin dituzten orain arte euren kritikak. Baina abenduaren 20ko hauteskunde orokorretatik aurrera Albert Riverarena Gobernuko alderdiaren ezinbesteko makulu izan daiteke, PP zein PSOE dela. Eta horrek, jakina, bazterrak nahasteko gaitasuna ematen dio, defenditzen duen uniformizazio prozesuan urratsak egiten saiatzeko. Estatuaren lurralde egiturak aldatu eta eguneratzeko eztabaidan laranjadunak aurrera barik atzera begiratzearen aldeko dira, berzentralizazio fluxuen bultzatzaile. Bide horretan nekez egingo dute topo nazionalitateetako ordezkari politikoekin, horien eskaerak justu aurkako norabidekoak direlako.

Azken asteotan hainbaten asmoek eta adierazpenek bizitu dute Kontzertuaren eta Kupoaren inguruko eztabaida. Konstituzioa aldatzeko Ciudadanos-ek zehaztekoa duen proposamenean foru pribilegioak ezabatzea agertuko da, ziur. PSOEko idazkari nagusi Pedro Sánchez-ek Kupoa eguneratzea eta aldatzea galdegin zuen hilaren hasieran eta bere alderdikide Susana Díaz Andaluziako presidenteak, aldiz, modulatzea. Kontzertua zalantzan jartzen ez dutela esanda, euskal lurraldeek Estatuari diru gehiago ematea nahi dute batak zein besteak. Bere erkidegoa ongizate maila neurtzen duten ia sailkapen guztietan beti lotsagarri uzten duen kudeaketaz, EREen auzian xahututakoez eta antzerakoez mintzatu beharrean Kupoa da, antza, Díaz anderearen kezka nagusietakoa. Guzti horien aurrean, Koldo Mediavilla EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak bete-betean asmatu du Kontzertua itun baten emaitza dela gogora ekarri eta azken lotune hori apurtzearen ondorioez ohartarazterakoan.

Gainera, egunkari berberonek atzo zioenez, 2001etik hona EAEk dagokiona baino Kupo gehiago ordaindu du. Zehazki, erkidegoaren Barne Produktu Gordinari (BPG) Estatuarenean legokiokeen zatia aspaldian ezarritako %6,24 baino txikiagoa izan da azken hamalau urteotan, %6,07koa zehazki. 2000.ean hiru lurraldeetako ekonomia BPG orokorraren %6,3 zen, baina behera jo du orduz geroztik, egun aipatutako zenbatekoan finkatzeraino.

Publicidad

Zifra horiek beste behin biluzten dituzte Kupoa eta orohar Kontzertua ezbaian jarri gura dituztenak. Honelakoetan ezin da demagogia baliatu, errealitatea faltsutuz etekin politikoa lortzeko asmoz. Jokoan dagoena ez da txantxetakoa, euskal lurraldeek Estatuaren egituran duten uztartzeko modua bera baita auzitan jartzen ari dena. Eta horrek, jakina, lehen mailako ondorio politikoak eragin ditzake. UPyD-k eta Ciudadanos-ek Euskal Herrian hain babes gutxi izatea ez da kasualitatea, honelakoen ondorio baizik. Horiek euskal autogobernua funtsik gabe uzteko egindako proposamenak indargabetzeko ekin behar diote bizi-bizi euskal alderdiek eta erakundeek, Kontzertuaren garrantzia ezin lehen mailakoagoa delako.

Legedian eta historian zeharo errotuta dauden tresna hauek ezin dira trukerako baliatu abendutik aurrera Ciudadanos-ek PPrekin zein PSOErekin abia ditzakeen balizko negoziazioetan. Euskadin gehiengo politikoak etorkizunera begira dituen helburuek autogobernuan sakontzea ekarri behar dute, ez berau homogeneizazio prozesu batean ezereztea. Hori argi izan behar dute popularrek eta sozialistek Riverarekin hizketan hasi aurretik, Kontzertuaren defentsa marra gorrizkoa dela. Euskal herritarrek ez diote sekula uko egin elkartasunari, eta erabat onartezina da hori zalantzan jartzea. Honen inguruan esandako faltsukeriek erakusten dute zein zaharrak diren zenbaitzuren errezetak, eta zein urruneko iraganera itzularazi nahi gaituzten.

Publicidad

Kontzertuak harmonia eman die euskal autogobernuari eta erakundetze prozesuari. Kontu handiz zaindu beharreko bereizgarria da, babes juridiko osokoa. Dituzten gabeziak estaltzen saiatzeko jo eta su desafinatzen ari direnek argi izan behar dute, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua buru, Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko eta sozialak prest daudela eurena denari eusteko, inoren kopla-buru bihur ez gaitzaten bat eginda ekiteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad