JOSEBA ARRUTI
Lunes, 28 de septiembre 2015, 00:21
Kataluniako gizartea polarizatuta dago, eta elkarrizketa eta negoziazioa baliatu beharko dira aurrera begira. Inork ezin izango du itsuarena egin, ezin izango du axolagabe jokatu. Erdibideko alternatibak baztertuta, independentziaren alde zein aurka lerrokatutakoei eman diete babesa batez ere bertako herritarrek. Catalunya sí que es pot eta ... Unió espero zutenetik urrun geratu dira eta ezin izango dute zubigintzan jardun. Egia da Junts pel Sí-ren 62 eserlekuak neurri batean motz geratu direla, baina zerrenda horrek plebiszitu izaera eman die bozei eta hori ez da nolanahiko lorpena. CUP-en bozen beharrak prozesuaren lidergoari buruzko zalantzak sor ditzakeen arren, ez du prozesua bera kolokan jarriko. Beste aldean, sekulakoa izan da Ciutadans-en gorakada, Espainian jarraitzearen aldekoen arteko alderdi nagusi bihurtzerainokoa. Sozialistek uste baino hobeto eutsi diote, eta PP-k hausnarketa sakona egin beharko du jasandako porrotaren ostean. Ekimen politikoaren ordua da, aldeen arteko elkarrizketarena, Kataluniaren etorkizuna zehazteko goi mailako politika ezinbesteko baita gaurtik aurrera.
Publicidad
Igande honetako bozetan ezer ez da ohikoa izan. Mas presidenteak independentziari buruz erabakitzeko eskubidearen jabe nahi zituen bere herrikideak, eta maila batean lortu du. Jokoan zegoena hauteskunde autonomiko soil batzuetako emaitza zela errepikatzen ibilitakoek azkenean onartu behar izan dute plebiszitu itxurakoa zela oraingo hau. Partehartzea tamainakoa izan da %77koa, eta horrexek islatzen du kataluniarrek bazutela gogoa euren ahotsa entzunarazteko. Legea urratu barik ekin diote, auzitan zegoena zer zen ondo jakinda. Bestelakoetan etxean geratzen zirenak hautestontzietara gerturatu dira oraingoan, eta emaitzei sekulako zilegitasun demokratikoa eman diete. Ez da, beraz, aitzakiarik jartzeko modurik. Batzuek eta besteek argi hitz egin dute kanpainan zehar, independentziaren balizko onurez eta kalteez, eta herritarrek argi adierazi dute zein zerrenda babesten dituzten.
Kataluniako gizartea zatituta dago, baina hori ez da berria edozein gizarte demokratikotan. Irabazleei dagokie aurrera begirako norabidea zehaztea, etorkizuneko bide orria urratsez betetzea. Gizartearen partehartze zabalaren babesa izango du atzetik, eta horren baitako bere aldekoena. Aspaldian Alderdi Popularrak abiatutako estrategia baten ondorio ere badira emaitzok, Estatutu berriari aurre egiteko modu baldarrarena, Kataluniako gehiengo baten aurka baliatutako demagogiarena. Irtenbideak bilatu eta Estatuaren egiturak moldatzeko ahalegin politikoa egin beharrean, arazoari uko egite antzuan ezkutatu da Mariano Rajoy, eta independentziaren aldekoei eman die indarra. Politikan maila honetako itsukeria garesti ordaintzen da, zurruntasunak eta inakzioak arazoak berez konpondu ez eta usteldu egiten dituztelako. Beharbada, berandu da dagoeneko erdibideetarako, zubigintza lanetan jarduteko. Baina saiatu beharra dago. Kataluniako gizartearen zati handi batek hoztasuna sentitu du beste aldean, axolagabekeria eta baita oldarkortasuna ere. Emaitzak ez dira momentu bateko beroaldi baten ondorio, edo Mas presidentearen eroaldi antzeko baten isla. Arazoa guzti hori baino askoz sakonagoa da, eta kataluniar askok Espainiar Estatuarekiko abiarazitako urruntasun prozesu politikoa eta sentimentalaren adierazgarri da. Ez da gorabehera koiunturala, sakoneko bestelako apustu baten adibide baino.
Kataluniarrek esandakoa politikoki nola gorpuztu erabaki beharko dute buruzagi politikoek gaurtik aurrera. Desafioa ez da nolanahikoa, eta estadisten mailan jardutea eskatuko die bateko eta besteko agintariei. Oso atzetik etorri eta astiro-astiro indartzen joan den prozesu baten emaitza da guzti hau, nazio izaerakoari bere nortasuna eskatzen zuen eran aitortu eta irtenbide politiko bat garaiz eskaini ez izanaren ondorio. Horretaz jabetzen ez denak nekez asmatuko du Kataluniako errealitate politikoaren azterketa egin eta aterabideak mahai gainean jartzerakoan. Estatu autonomikoaren baitan berezitasun nazionalak ahalik eta gehien apaldu eta berdintasunaren eta elkartasunaren izenean parekotasun artifizialak bultzatu dituztenek badute ardura guzti honetan, Espainia ahalik eta uniformeena gura izate hori errealitatearekin bateraezina delako. Asimetrikoa beharko du etorkizunak, autogobernuari, norbere nortasunari eta nazio izaerari buruzkoak ere halakoxeak direlako erkidego ezberdinen artean. Horietako gizarteetako gehiengoek zehazten dituzte batzuen eta besteen norabideak eta aurrera begirako xedeak. Nazioaniztasuna praktikan onartzen ez dutenek nekez egingo dute bideragarri jatorrian nazioanitza den Estatua. 1978ko Konstituzioaren irakurketa estuenek eta gaur egungora moldatu gabekoek ez dute 2015eko gatazkei erantzuteko balio, eta prozesu sakabanatzaileen pizgarri dira. Hitz egin beharra dago, eta negoziatu. Oinarrikoenean, hori eskatu dute kataluniarrek.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.