Borrar
Kataluniak Bartzelonako Meridiana etorbidea bete zuen Diada egunean independentziaren alde.
Atzera kontuka

Atzera kontuka

Jende olde ikaragarriak bete zuen Bartzelonako Meridiana etorbidea aurreko barikuan, Diada egunean. Berdin dio zehatz-mehatz zenbat ziren, baina ehunka mila asko bai. Horrek islatzen du Kataluniako gatazka politikoaren benetako tamaina

joseba arruti

Lunes, 14 de septiembre 2015, 00:42

Independentzia ez da kaleetan lortzen, hautestontzietan baino. Baina lehia horretan bigarrenetara heldu eta nagusitzeko aukera izateko kaleetako indar erakustaldiak lagungarri dira, gizartean oso zabaldutako asmo partekatu bat adierazten dutelako. Kataluniako biztanlegoaren zati handi baten eta hango gobernuaren apustua oso argia da dagoeneko, Espainiako Estatuaren zati izateari utzi eta Errepublika propio bat osatzekoa. Legezko galdeketa bat egiteko saiakerek huts egin ostean, hil honetako hauteskunde plebiszitarioek erabakiko dute Mas presidenteak eta hainbat eragilek aspalditxo abiarazitako prozesuaren etorkizuna. Parte hartzearen zenbatekoa erabakigarria izango da, ohikoan emaitzak arras ezberdinak izan baitira hauteskunde orokorretan eta autonomikoetan. Independentziaren aurkakoek ondo dakite euren botoemaileen mobilizazioa dela gako nagusietakoa, eta horretan ari dira jo eta ke.

Dagoeneko mahai gainean jarri dira batzuen eta besteen printzipio filosofiko, juridiko eta politikoak, independentziaren ondorioei buruzko uste eta azterketak, azken urteotan Espainiarekiko izandako urruntasun prozesuaren inguruko hausnarketak. Horiek guztiak aintzat hartuta gerturatutako dira kataluniarrak boza ematera, oraingoan keinu horrek duen aparteko garrantziaz ondo ohartuta. Hurrengo egunean ez da ezer amaituko, ia ziur alde baterako edo besterako emaitzak erabatekoak izango ez direnez. Zenbatek parte hartu duten aztertu beharko da lehenengo, eta ostean etorriko da eskainuak edo bozen ehunekoak kontuan hartu beharraren inguruko eztabaida. Gainera, independentziaren aldekoek ez dute bloke monolitikorik osatzen, helburu nagusia argi izan arren, eta ezta aurkakoek ere. Ñabarduraz betetakoak dira batzuen eta besteen iritzi eta jokabideetako asko, lidergoei eragiten dizkietenak barne, eta horrek 27az geroztiko agertokia zeharo nahas dezake, ezusteko eta guzti.

Inkesta gehienek diotenez, Junts pel Sí eta CUP-en arteko batuketak gehiengo osoa lor dezake eskainutan, baina ikusteke dago zenbaterainokoa den bozen kontaketari dagokionez. Independentziari ezezik erabaki eskubideari ere ezezkoa ematen diotenen artean eustea da xede nagusia, inolako egitasmo alternatiborik eskaini gabe politikoki bizirautea. Hala, Ciudadanos-ek eta PPk ez dute aitortza nazionalari buruzko urratsik egin nahi, eta Konstituzioaren interpretazio ahalik eta itxienean gotortu dira. Sozialistak, bestalde, inmobilismoaren aurka ei daude, eta "Katalunia hobe bat" aldarrikatzen dute "Espainia ezberdin batean". Baina zehazgabeegia da bi osagaiak nola landu eta osagarri egin argitu beharko lukeen euren egitasmoa. Borondate on antzeko leloek beti lagun dezakete orekak bilatzeko zereginetan, baina mamia behar dute hutsal bihur ez daitezen. Espainiako lurralde egituraketaren inguruan PSOE barruko iritzi kontrajarriek ez dute horretan laguntzen, benetako aurrerapausoren bat gorpuzteko, Estatu barruko nazioen aldarrikapenetako garrantzitsuenak juridikoki hezurmamitzeko aukerak zabaltzeko. Oinarrizko lerrokatzeen egoera horretan, Catalunya Sí que es Pot koalizioak zubi lana egin dezake, eta funtsezko izan daiteke hainbat aspektutan. Erabaki eskubidearen alde dago, baina oraingoz ez du independentziaren aldeko apusturik egiten.

Bozen kontaketaren ostean, inork ezingo dio uko egin bere ardura politikoari. Ez dute mehatxuek balioko, ez inposaketek, ez herritarren borondate demokratikoaren gainetik jarritakoek. Elkarrizketa baliatu beharko da irtenbideak bilatzeko, Diada eguneko Bartzelonako Meridiana etorbideko aldarriari erantzunak emateko. Azken urteotan Kataluniako gizartearen zati handi batek independentziaren alde egin du, eta hori ezin zaio Mas presidenteari leporatu. Sinplistegiak dira halako usteetan oinarritzen diren eskemak. Espainiako gobernuaren aldetik, eta PPrenetik bereziki, euren nazio izaera hainbat esparrutan gutxiesten zitzaiela iritzi dioten kataluniarrak gero eta gehiago izan dira, Estatu propioaren sorreraren aldeko apustua baizik geratzen ez zitzaiela uste dutenak. Iritzi aldaketa sustraitu hori balizko testuinguruen gainetik dago, eta ez da ekimen politikorik gabe lehengora itzuliko. Hori argi izan behar dute Rajoyk eta jarrera jakobinoen zale diren Alderdi Sozialistako hainbat buruzagi autonomikok.

Estatu barruko nazio aniztasuna guztiz onartzeko eta aitorpen horrekin bat eginda jokatzeko gaitasunik ez badago, Espainia ez da bideragarri izango. Kataluniak oso berezko ezaugarriak ditu, bertako gizartearen parte handi batek errespetarazi gura dituenak, eta horrek ez du elkartasun ezarekin edo herritarren arteko bereizketekin zerikusirik. Eztabaida maila horretan finkatu nahi izatea ez da bidezkoa, hori ez datorrelako errealitatearekin bat.

Hamabost egun barru argituko da zer nahi duten kataluniarrek. Norbere iritzien gainetik, errespetu handiz hartzekoa da bertan jazotzen ari dena. Espainiaren batasuna, izatekotan, herritarren borondatean oinarritu beharko da, eta ezingo zaio eutsi bertako zatietako batean gehiengo batek bestelakorik gura badu. Ez dago esparru demokratiko eta anitz bakar posiblerik, ez dago munduan egoteko modu bakarrik, ez dago batasun ia jainkotiarrik. Historia dinamikoa da, eta elkarren arteko errespetuz eta baliabide demokratikoz jo behar da aurrera. Katalunia zer den eta zer nahi duen ulertzeko gai ez denak ezingo dio batasun egitasmo errealista bati lagundu. Nahi ala ez Estatu nazioanitza dena funtsean unitario modura kudeatu guran dabiltzanek nekez bilatuko dute irtenbiderik. Politikaren ordua dator 27tik aurrera, estadistena. Bestela, goizago ala beranduago, haustura atzeraezinezkoa izango da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Atzera kontuka