Borrar
Sedukzio jokoak

Sedukzio jokoak

Ohikoa duen argitasunarekin mintzatu da Mariano Rajoy hauteskunde orokorren datari buruz galdetu diotenean. Abenduaren 20an-edo izan daitezkeela esan du, baina bere ingurukoek astebete lehenagoko domeka oso aintzat hartzeko eskatu diete kazetariei

joseba arruti

Lunes, 7 de septiembre 2015, 01:13

Boterean dagoen inork ez ditu amaitu nahi izaten gehiengo osoko legealdiak, errepikatzeko aukerarik ez duela dakienean batik bat. Erosoak dira negoziaziorik gabeko jardunak, parlamentuan azalpen gutxirekin burutzen direnak. Oposizioan dagoenean gardentasuna aldarrikatzen duena itzalpean babesten da erdia gehi batetik gorako bere alderdiaren babesaz gobernua eskuratu bezain laster. Horrelako jokabideak dira herritarrak politikatik urruntzen dituztenak, etsipen demokratikoa bultzatzen dutenak. Eta ia ez dago tentazio horiek gainditu eta eredugarri jokatzen dakienik. Alderdi Popularrak oposizio ankerra egin zion Zapaterori honen agintaldiaren lehen erdian, inoizkorik basatienetakoa. Estrategia horren porrotaren ostean 2008ko hauteskundeak berriz galdu zituztenean Rajoyrenak egin zuen ia, eta ozta-ozta eutsi zion PPko buruzagi nagusi izateari. Hortik aurrera, krisi ekonomikoak hondoratu zituen sozialistak, ez popularren oposiziorako gaitasunak.

Rajoyren izaerak erabat baldintzatu du beti bere lidergoa. Geroko gerotan geratzen den horietakoa da, ahul samarra baina ekinezkoa, testuinguruaren arabera moldatzen direnetakoa, eskuak zikintzeari beldurra diotenetakoa. Krisiaren hekatonbeak bultzatu zuen agintera, ia aukerarik gabe zegoenean, eta troikaren esku hartzerik gabe amildegian behera ez erortzeak eman zion oxigeno politikoa. Finantza sistemak jasotako laguntzekin jo zuen aurrera, nolabaiteko autonomia galdu gabe. Geroztik, egoera ekonomikoak hobera egin du, ez horrenbeste barrura begirako erabaki ausart eta berritzaileen ondorioz, nazioarte mailako egoerak ahalbidetu duelako baizik. Zergak jaitsi ez eta igo egin zituen, eta langileen baldintzak larriagotu egin dira etenik gabe. Langabezia beheraka ari da, azken datuen salbuespenarekin, baina sortzen ari diren lanpostu gehienak kalitate ezin txarragokoak dira, behin-behinekotasuna denboraren mugetan behartzen dutenetakoak.

Sozialistek nahikoa izan dute Zapateroren azken hilabeteotakoa ahaztarazten saiatu eta lidergo berri bat hutsetik eraikitzearekin. Pedro Sánchez hankasartze larririk gabe aritu da orain arte, baina alderdi barruko hainbat erresistentzia itzali ezinik. Bere irudia ona da eta ekonomiaz badaki. Zail dauka, dena den, PSOEren egituratik kanpoko botoemaile aurrerakoiak erakartzea, Podemos-en eta kutsu beretsuko beste zenbait alderdiren konpetentzia zuzena dela eta. Ez dirudi hauteskunde orokorrak irabaz ditzakeenik, baina PPko edonor baino askoz gaitasun handiagokoa da gehiengo alternatibo anitz bat osatzeko zereginetan. Popularren jokatzeko moduak aliaturik gabe utzi zituen udaletan eta hainbat erkidegotan, eskumaren erreferente ia bakarra izateak onerako eta txarrerako eragiten duela ahaztu gabe. Ciudadanos izan daiteke orain salbatuko duena, baina horretarako indar nahikoa izanez gero Rajoyren burua eska dezake. Horregatik da hain garrantzitsua gehiengo ahalik eta borobilena lortzea, Riverarenak osagarri soil besterik izan ez daitezen.

Abenduaren 13an zein 20an izan, hauteskunde orokorrak bertantxe daude 'tempo' politikoari dagozkionetan. Legealdiak eman du berea, eta bozemaileak seduzitzeko jokoei ekin zaie. 2012ko ordainsariaren beste laurden bat jasoko dute funtzionarioek, defizit publikoa gutxitzea ez da lehen bezain lehentasunezkoa, PPren komunikazioa buruzagi gazte batzuren esku utzi dute eta Rajoy bera pantailetatik askatu eta bat-batean gizakitu egin da. Ikusteke dago soziologoen eta bestelako adituen oinarri-oinarrizko trikimailu guztiok nahikoa diren popularrei turroia okerreko bidetik joan ez dakien. Politika molde berriak aldarrikatzen diren honetan harrigarria da zenbateraino eusten zaien aspaldiko jokabideei. Amnesia eragiteko zerbait asmatzen duenak botere inguruetan izango ditu eroslerik onenak. Iragandakoa ahaztea eta aurrera begirako lorpen miragarriak sinesgarri bihurtzea da xedea, eta hori bilatuko dute hurrengo hiru hilabeteetan, prestidigitazio ariketa ugari baliatuta.

Askoz dinamikoago eta proaktiboago jokatu beharko du Rajoyk olatuak blai eginda utz ez dezan. Kataluniakoa ezin izango du adierazpen hutsekin eta Auzitegi Konstituzionaleko azken orduko iruzurkeriekin konpondu, ustelkeria ez du ustezko gaizkileei babesa adierazteko mezuak bidalita akabatuko, ekonomiak ez du prekarietatea baliatuta behingoz hobera egingo eta errefuxiatuen krisia eta oinarrizko hainbat eskubiderekin lotutakoak ez dira Europako gobernu atzeraikoenekin eta ildo bereko politikekin bat egitetik bideratuko. Zentroa deitzen den horrek bestelako ikuspegiak eskatzen ditu, ez Aznarren garaiko errezetak, ezta arazoen aurreko geldotasun patxadatsua ere. Gobernuko presidenteak ekimen politikoa abiarazi behar du, gutxienez hauteskundeen eguna zehazteko eta, behin mugitzen hasita, hortik aurrera bestelako hainbat desafiori konponbideak bilatzeko. Sor daitezkeen bestelako bloke alternatiboak beldurrarekin kutsatu nahi izatea ez da seinale ona, norbere ezintasunen adierazgarri besterik ez.

Abendura bitarteko hilabeteak ez dira antzuak izango maila politikoan. Egitasmoak zehazteko sasoia dator, arazoei eraginkortasunez heltzeko gaitasuna erakustekoa, adierazpen handiosoen erresistentzia beldurtia gainditu eta urratsak egitekoa, sistema politikoa eguneratu eta duintzekoa. Eustearekin aski duenak erabateko porrota jasango du ezinbestean. Eta azken orduko apainketa lanak ez dira nahikoa. Dagoeneko gizartearen gehiengoak aldaketa sakonak eskatzen ditu hainbat mailatan. Rajoyrekin edo Rajoyrik gabe.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Sedukzio jokoak