Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 31 de agosto 2015, 00:53
Uda osteetan gehiegitan esan ohi da politika mailan datorrena erabakigarria izan daitekeela. Gehienetan ez da hala izaten, ohiko kudeaketatik harago ezer gutxi gertatzen delako. Aurten, baina, ezin nabarmenagoa da aldaketa ezinbestean heldu beharko dela, goizago ala beranduago. Kataluniako hauteskunde plebiszitarioak ziurrenik ez dira independentziaren abiapuntu ... izango, baina Estatuaren lurralde egituran jauziren bat egitera derrigortuko dituzte PP zein PSOE. Egungo egoerari ezingo zaio luzaroan eutsi, nahiz eta Rajoyren gobernuak ez mugitzeko jokabidea hartu duen, egoskor. Arazoaren muina ulertu ez duenak baina ezin du bide horretatik jo, edo errealitate nazioaniztunari lepoa eman gura dionak. Oraingo egoeraren jatorrian PP bera dago, Kataluniako Estatutuari jarritako traba guztien ondotik, eta usteltzen utzitako arazoak berez konpontzen ez direla ahaztu du nonbait. Lehen mailako gatazka politikoa da irailaren 27ko hauteskundeek agerian utziko dutena, Konstituzioaren atzean ezkutatuta desagertuko ez dena. Itsuarena egitea antzua da erabat politikan, ikusi nahi izan ez diren aferak gero eta astunago erortzen baitira norbere gainera.
Ikustear dago zenbaterainoko indarra lortuko duen independentziaren aldeko zerrenda bateratuak, baina Katalunia Espainiako lurralde egituran egokitzeko nahitaezkoak diren aldaketa sakonak ahalik eta arinen gauzatu beharko dira, Estatua bera bideragarri egiteko. 'Junts pel Sí'-ren baitakoetako zenbaitek ez lioke lepoa emango horrelako irtenbideren bati ziurrenik, egungo eredua guztiz agortuta dagoela aitortu eta nazioaniztasunaren onarpenean aukeraren bat posible ikusiz gero. Elkarrizketa baliatuta bideratu behar dira gatazkak, herritarrek alde bakoitzari emandako indarraren arabera. Mas presidentearen zerrendak gehiengo zabala lortuko balu, alperrikakoa litzateke arazo sakon bat dagoela ukatzea eta berez konponduko dela pentsatzea. Goi mailako politika baliatu behar da Kataluniako egoera baretzeko, hango gizartearen gehiengoaren aldarrikapen nazionala bideratzeko.
Irailaren azken igandeko emaitzen oihartzuna ez da luzaroan apalduko. Urte amaieran egitekoak diren hauteskunde orokorretarako baliatutako mezuetan ere eragina izango dute, zalantzarik gabe. PPk Espainiaren batasunerako berme modura aurkeztuko du bere burua, berdintasunaren eta elkartasunaren izenean, eta egoera ekonomikoaren hobekuntzak jarrai dezan PSOE-Podemos balizko frontea toxikoa izango litzatekeela errepikatuko du behin eta berriz. Kontu gehiago izango du Ciudadanos-ekin, inkestek diotenez bozen biharamunean koalizioak beharko direlako. Sozialistei, berriz, argitasuna eskatzen zaie, nahasi samarra eta zehazgabea den egitasmo federalaren nondik norakoak sakon ezagutzeko. Horretan dihardu aditu talde batek, baina alderdi barruan eztabaidarik sortu barik. Tamaina horretako hausnarketak partehartze handia behar luke, hurrengo belaunaldietarako aterabideak bilatuko dituena. Nazioaniztasuna aintzat hartu eta horri edukia emateak kultura politikoan zuzen eragiten du, PSOEren nortasuna bera baita zehaztu beharrekoa. 1978ko saiakerak eguneratu egin behar dira, bestelako heldutasun politikoa dagoen garaira ekarri eta tarteon sortu diren gatazkak bideratzeko.
Lurralde egituraren inguruan egin daitezkeenek euskal agertoki politikoa dinamizatuko dute. EAJ-PSE aliantza baliagarri izan behar da Estatutuaren erreformari ekiteko, eta gainerako alderdiak ahalegin horretan integratzeko. Helburuak ondo argitu behar dira, jokalekuan dauden aukerak egokiro baliatzeko. Asko emandakoa da Gernikako Estatutua eta, ETAren etapa odoltsua amaitu ostean, itun politikoa berritzea komeniko litzateke, esparru juridikoa gizartearen atzetik gera ez dadin. Errealismotik ekin behar zaio, nazio eraikuntza guztiz integratzailea izan dadin eta etorkizuneko zutabeak sendoak izan daitezen. Bat egiteko asmo berria gorpuzten den bitartean, iraganeko kontuak ezin dira ahaztu. Egunkari honetan atzo Bake eta Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek adierazitakoak abiapuntu ezin hobea dira horretarako. Bere taldea lan handia ari da egiten, eta horretan sakontzetik etorriko dira gutxieneko adostasunerako aukerak. Hori da orain garrantzitsuena, zauriak sendatzen jarraitzeko ahaleginei eustea eta jazotakoak sekula errepika ez daitezen ezinbestekoa den gogoeta prozesu konpartituan astiro baina etengabe aurrera egitea.
Urte politikoa desafioz eta aukeraz beteta dator. Txina, Brasil, Grezia eta beste hainbatetik ekonomiarekin estu lotuta gertatzen ari direnak oso kontuan hartuta, bertokoei heldu behar zaie, politikan aurrera egiteak maila guztietako egonkortasuna dakarrelako. Luzaroan atzeratu diren eztabaidek ezin dute gehiago itxaron. Ez Katalunian, ez Euskadin eta ezta Espainian ere.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.