joseba arruti
Lunes, 10 de agosto 2015, 01:01
Politikan diharduten guztiak Gorteak berriz osatzeko bozei begira ari dira bete-betean. Ekinean bai, baina hedabideetan ugaritzen ari diren inkesten erritmora. Hauek argitara ematen dituztenen ildo politikoa emaitzetan oso nabaria den arren, gehienetan badira zenbait joera, gero eta nabarmenagoak. Horien arabera, Alderdi Popularra izango da ... urte amaierako hauteskundeetako garailea. PSOE jauzia eman ezinik dabil eta Podemos, gainbehera. Ciudadanos-ek bere hazkundea asko mugatu du honezkero, eta osagarri izango da, bozkatuenetatik urrun. Maiatzaren 24tik hona gero eta nabariagoa da PPk abian jarritako estrategia, estiloan zein mezuetan, eta mesede egiten ari zaiola ematen du, gorakada nabarmenik izan ez arren. Mugarri nahi dituzte hauteskunde autonomikoetako eta udaletakoen emaitzak, hondoa jota gora egin ahal izateko. Aurreko etaparen autokritikarik egin gabe, itxurazko aldaketei eutsi diete, marketingari azken finean, zenbait ikutu estetikorekin eta ondo aukeratutako mezuak behin eta berriz errepikatzearekin irabazle izan daitezkeela eta.
Publicidad
Sozialisten eta Podemos-en arteko itunak lagungarri izan dakizkioke PPri, beldurra eraginez bere burua zentro-eskuineko arrazoizko alternatiba bakar modura aurkezteko. Hainbat gobernu autonomiko eta udal 'erradikalen' esku geratu diren ustea indartu nahi dute popularrek, abstentziora jo duten botoemaile kontserbadoreak berriz bereganatzeko. Baliatutako argudioen arabera, Pablo Iglesias-en alderdia ezker muturrekoa da, 1978tik honako sistemaren aurkakoa, Venezuelako gobernuarekin estu lotutakoa eta ekonomiaren hobekuntza honda dezakeen ziurgabetasuna eragingo duena. Gainera, sozialistak horien menpe daude, ahul eta noraezean. Hortik joko du Rajoyren alderdiak hurrengo hilabeteetan, nekagarri bihurtu arte. Eta buruzagi gazteen ahotik egingo du, gainera. Horien artean pieza ezin garrantzitsuagoak dira Pablo Casado eta Javier Maroto, Gasteizko alkate izandakoa. Telebistan orduoro hasi dira agertzen, lorpen ekonomikoak goraipatu, sentsibilitate soziala agertu eta ustelkeriaren aurrean sentitzen duten "nazka" azpimarratzeko. Aldi berean, Gobernuko presidentea bera askoz gehiago hasi da prentsaren aurrekoetara agertzen, bere oporraldiko hainbat argazkiren bidez gertutasuna adierazten saiatzearekin batera.
Guzti horretaz ohartzeko ez dago politikan aditua izan beharrik, abiatutako estrategia ez baita bereziki fina eta landua, edonork ikusteko modukoa baizik, gordin samarra. Oinarri-oinarrizkoak dira egiten ari diren urratsak, berehalako eragina izan gurakoak, iragan hurbila ahantzaraztera bideratuak. Klase ertaina gehien zigortu dutenak berorren defendatzaile sutsu dira orain, ongizate sistema hankazgora jarri dutenak, aldiz, berau mantentzeko berme, eta ustelkeria kasu gehien pilatzea horien aurreko higuinak konponduko duela ematen du. Txarrenen arteko onenaren modura agertu nahi izate horrek, bere politikak ala kaosa eskaintzeak ez du irudimen handirik adierazten, eta oso pobrea da maila politikoan zein intelektualean. Baina eraginkorra izan daiteke, inkestek diotenez. Eta, beste edozeren gainetik, hori da popularren helburua, sozialistei posible zaien alderik handiena atera eta Ciudadanos ahalik eta ahulduena makulu izanda Gobernuan jarraitzea.
PSOE barruan zein kanpoan Pedro Sánchez-en lidergoa sendotu egin da azken urte honetan, baina zalantza gehiago dago aurkeztu behar duten proiektu politikoarekin. Federalismoa ei da Espainiak dituen lurralde mailako tentsioak konponduko dituena, baina zehaztasuna falta zaie bere proposamenei. Oreka bila ari direla ematen du, baina horretarako balantza zein puntutan jarriko duten gehiegi argitu barik. Horrek mesfidantza dakar alde guztietan, ezkerretara zein eskuinetara. "Bete dezakeguna baino ez dugu eskainiko", adierazi du sozialisten idazkari nagusiak behin eta berriz, hauteskunde orokorrei begira osatutako aditu taldearen zereginei buruz jarduterakoan. Iraganeko hankasartzeek eta alderdi baitako giroak mugatzen ditu PP gainditzeko aukerak, eta hauteskundeak egiten diren egunera bitartean alderdi berritua, batua eta egitasmo sendokoa direla sinestarazten aritu beharko dute.
Bi alderdiko sistema Espainian urte askotarako indargabetuta zegoela ziotenak oker zebiltzan, gero eta argiago dagoenez. Podemos-en aukerak urritzen ari dira etengabe, Pablo Iglesias-en hiperlidergoaren, kudeatzen hasteak eragindako kontraesanen eta beste zenbait alderdirekiko azaldutako jokabide harroaren eraginez edo. Zakar samar aritu da buruzagi gorena azkenaldian, eta espazio ideologiko klasikoak gainditzeko egiten ari diren ahaleginak ulergaitzak zaizkie bere botoemaile izan daitezkeenen arteko askori. Ciudadanos, aldiz, hain denbora laburrean izandako hazkunde ikaragarria ordaintzen hasia da, lerrokatu behar den ia bakoitzean popularren alde egiteak eta Estatuaren barruko nazio aniztasunaren aurreko jokabide gogorrek berriari zahar askoren itxura ematen diotela ahaztu barik.
Publicidad
Bozak izan arte asko dago oraindik erabakitzeko. Baina Rajoyren estrategiak arrakasta lor dezake, eta ez bere merituengatik. Egonkortasuna beti da bozemaileek saritzen duten faktore bat, are gehiago alternatiba zalantzaz beteta datorrenean. Txarrean ere txarragora jotzea posible da, eta PPk horretaz komentzitu nahi ditu herritarrak. Antza denez, ez dute maila handiko estrategiarik behar izango. Beldur puntu bat eta aurkarien ezintasunen batuketa. Besterik ez.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.