Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
JOSEBA ARRUTI
Lunes, 27 de julio 2015, 01:58
Alderdiez gaindiko lerrokatzeek adierazten dute egoera irakiten dagoela, egindako apustuak ez duela atzera bueltarik. Hala iritzi ei dio baita Espainiako Erregeak ere, Generalitateko presidentea La Zarzuelan hartu ondoren. Katalunian orain artekoarekiko ezer ez da berdin izango iraileko azken igandetik aurrera, eta jada ez da. Hasteko, ... CDC-k eta UDC-k aspaldiko kidetasuna hautsi dute, ia lau hamarkadakoa, federazio itxura hartuta bertako gobernuan luzaroen egon den talde politikoa osatzea ahalbidetu ziena. Argi dago, beraz, Masek azken muturreraino eramango duela 2012an agindutakoa, legeak ezartzen dizkion oztopo guztiak batera edo bestera gaindituta.
Hamar urte bete dira Kataluniako parlamentuak jatorrizko Estatutu egitasmoa onartu zuenetik. 2005eko irailaren 30ean egindako urrats hori eragin handikoa izan zen ondorengo guztian. Madrilgo Gorteetan zegokion prozedura gainditu ondoren, hurrengo urteko ekainean eman zioten baiezkoa kataluniarrek erreferendumean: ia erdiak parte hartuta, %73,9k egoki iritzi zion. Hilabete pasatxora, Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, politikoki hondagarri, Estatutuaren 223 artikuluetako 114ren gaineko helegitea jartzeko, eta 2010eko ekainaren 28an eman zen ezagutzera honen ebazpena, hainbat saiakeraren ostean. Azkenean, 14 artikulu hartu zituen Konstituzioaren aurkakotzat, eta beste 23 artikulu eta lau xedapenetan bere irizpidea finkatu zuen horiei bide egiteko. Ezetsitakoen artean, katalunierari lehentasuna ematen zion seigarren artikuluaren lehen atala zegoen. Hitzaurreko 'nazio' kontzeptuak galbahea pasa zuen, baina Auzitegiak eraginkortasun juridikorik gabekoa zela argitu eta gero. Berehala, milioi bat lagun kaleratu ziren Bartzelonan protesta egiteko.
Guzti horien ostekoak dira irailaren 27ra bitarteko mugarri guztiak: Itun fiskalaren eskaera, 2012ko Diada, erabaki eskubidea bultzatzeko hurrengo urtean parlamentuak onartutako deklarazioa, Erabaki Eskubidearen aldeko Itun Nazionala, Bide Kataluniarra Independentziarantz eta, zer esanik ez, iazko kontsulta. Horren ostean, independentziari buruz erabakitzeko legezko biderik ezean eta Rajoyren gobernuarekin negoziatzeko aukerarik gabe, Masek plebiszitu itxurako hauteskundeak deituko zituela iragarri zuen, gizarte zibileko taldeek zerrenda subiranistan izan beharreko protagonismoari buruzko eztabaidak luze jo eta etsipen puntu bat eragin eta gero. Horren inguruko akordioak biziberritu egin ditu independentziaren aldekoak, Raül Romeva buru izango duen hautagaitza bateratuta CDC, ERC eta gizarte zibileko hainbat talde biltzen dituen 'Junts pel Sí' deritzana, berriz ilusio eragile izan baita loturak askatu nahi dituztenen artean.
Horien aurrean, Podemos eta ICV-EUiAk 'Catalunya, sí que es pot' osatu dute, Masen politiken aurka baina Kataluniako burujabetza osoaren alde, PSC-k federalismoaren apustuari eutsi dio, CUP-ek berezko bide orria dauka independentziarantz, C's-ek eta PP-k egungo estatusaren alde egiten dute eta Unió, aldiz, bere burua bitartekari modura baliatu guran dabil, CiUko zenbait buruzagi historiko bere inguruan biltzen saiatuz, Miquel Roca tarteko. Hala, bidegurutzean dago Katalunia, bi hilabete barrutik aurrera aldaketa sakonen beharrean. Egungo estatusak eman du berea, eta ez da nahikoa bertako gizarteko sektore zabal baten gurariak asetzeko. Kataluniarrek eskubide osoa dute euren buruaren jabe izan eta dagokien etorkizunaz erabakitzeko. Nazio izaera ukaezinetik abiatuta, aukera eman behar zaie asmo horiek bideratzeko eta esparru demokratikoan zehazteko.
Gobernutik berehala isilarazi diren arren, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jartzearen aldeko zenbait adierazpen egin dira azkenaldian, irailaren 27a hurbildu ahala. Ez legoke hori baino bide okerragorik egoerari aurre egiteko, jarrerak muturtu eta erabateko haustura eragingo bailitzateke. Negoziatzeko zirrikituak estaltzeaz gain, lurraldearen kudeaketa bertako gehiengoarekin bat ez datozenen esku jarriko luke, kontraesan demokratiko jasanezina ahalbidetuta. Independentziaren aldekoek gehiengo osoa lortuz gero lehen mailako krisi politikoa sortuko da, eta Rajoyk ezingo du hori gehiago ukatu. Espainiaren etorkizuneko eredua bera da jokoan dagoena, gehiago nahi duten bere barruko nazioei eskainitako irtenbideek erabakiko dutena. Denbora gehiegi galdu da azken hamarkadan arazo honi heldu gabe, Konstituzioaren erreforma beti zain utzita, eta egoera bideratzeko gero eta aukera gutxiagorekin. Ausardia falta izan dute horri ekin behar ziotenek, arazoa usteltzen utzi baitute. Kataluniako edo Euskadiko estatus aldaketarako nahiak pribilegioekin lotu dituzte zenbaitzuk, eztabaida pozoinduz. Ahalik eta burujabeen izateko gogoa horretara mugatzea arazoa ez ezagutzetik edo fede txarretik baino ezin da azaldu.
Independentziaren aldeko hautuak ere baditu bere arriskuak. Gehiengo sendo, zabal eta aldagaitza behar da hortik jotzeko eta munduaren aurrean zilegitasunez jokatzeko. Eragin daitezkeen barne-hausturak aintzat hartzeko modukoak dira, eta oso tentuz jokatu behar da prozesuaren heldutasun puntua baino lehen ez jarduteko, berme demokratiko zorrotzenen arabera arduratsu arituta. Gehiengo batek independentzia nahi badu aldarri hori nola bideratu da gakoa, Estatu batek ezin baitio ezikusiarena egin nazio izaerako bere zatietako batek bereizteko azaldutako nahiari. Negoziazioa da bide bakarra, irudimena baliatzea, garaiotakoak ez diren mitoak baztertzea. Demokrazian sakontzea, alegia.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.