Gorka Urtaran (Gasteizko alkatea) y Ane Carrere (Andoaingo alkatea).

Giltza dutenak eta giltza direnak

Osatu dira udalbatza berriak, ezusteko handirik gabe. Andoainen eta Gasteizen gertatutakoak izan dira albiste iturri nabarmenenak, EAJ eta PSE-EEren arteko itun berria estrainekoan auzitan jar lezaketenak, baina ez dute hausturazko ondoriorik ekarriko

joseba arruti

Lunes, 15 de junio 2015, 00:59

Euskal Herritik kanpo aldaketa hitza da aurreko zapatuan jazotakoa laburbildu dezakeena. Baita ilusioa ere. PPren politiken aurkakoek gehiengoak osatu dituzte nonahi, alderdi horretako alkate luzaroan izandakoetako asko kargugabetzeko. Legezkoa izateaz gain, popularren gobernatzeko moduaren isla eta ondorio da indar batuketa hori. Gehiengo osoetatik ari direnean ... ez dute integraziorako gaitasunik ez borondaterik erakusten, eta horrek eraman ditu oposiziora leku askotan. PSOEk, testuinguruak lagunduta udaletan botere maila handitu arren, erabat ahulduta jarraitzen du, eta Podemos-ekin lehiatu beharko da ezkerreko alderdien arteko nagusitasuna erabakitzeko. Hauteskunde orokorretara begirako aurrekanpaina udaren ostean hasiko da eta horri begira ari dira dagoeneko batzuk zein besteak. Madrilen, Bartzelonan eta beste hainbat hiri handitan buru izango direnei zail izango zaie aurreikuspenak edukiz betetzea, jarduera politikoak, udal mailakoak batik bat, hainbat muga dituelako eta ezinezko zaiolako horrenbesteren eskaerei erantzutea. Frustrazio iturri ere izan daiteke, errealismotik idealizaziorako jauzia egina dela ematen baitu hainbatetan.

Publicidad

Bertoko panoraman egonkortasuna da nagusi. Orain artekoa baino handiagoa, EAJ izango baita buru hiru foru aldundietan eta hiriburuetan, eta Nafarroako Gobernuan ere Geroa Bairen bitartez ariko delako. EAEn agintean dagoen alderdiak ez du zigorrik jaso, botoemaileen saria baizik. Horrek gobernatzeko modu zehatz baten berri ematen du, herritarren kezkekin eta gurariekin askoz lotuago dagoena. Horrez gain, jeltzaleek gainerako alderdi ia guztien babesa jasotzeko eta horiekin akordioak ahalbidetzeko gaitasuna frogatu dute, agertoki politikoaren erdigunean kokatu eta abilezia bereziz aritzekoa. Estrategikoki, EAJk bere burua ezin hobeto egokitzen jakin du, eta larunbatean jaso zuen horren etekina. Bilbon Juan Mari Aburtok aurreko alkate jeltzaleen lekukoa jaso du, baina Donostian 28 urte igaro dira Ramón Labaien ahaztezina gorporazioko buru izan zenetik. Alde horretatik, Eneko Goiarena sekulako lorpena da, Gipuzkoa osoan jazotakoarekin bat datorrena.

EAJ eta PSE-EE izango dira foru aldundietako eta udaletako ardatzak aurrerantzean. Ez neurri berean, noski, jeltzaleek askoz emaitza hobeak izango baitituzte abiapuntutzat. Alde horretatik, leku gehien-gehienetan sozialistak osagarri izango dira. Baina aliantza hau garrantzi handikoa da aurrera begira, etapa politiko berri bat iragartzen duelako. 80. eta 90. urteetako koalizioetatik hona alderdi bien distantzia zabaltzen joan da, aurrez aurreko gogorretaraino. Oraingo honek, aldiz, onerako eragingo du, euskal herritarren babes zabala jaso duenak, EAJk, bestelako molde politikoak aintzat hartzeko borondatea azaltzen baitu akordioaren bitartez. Eta horixe da, hain zuzen, herrigintzan, eta baita naziogintzan ere, aurrera egiteko modurik eraginkorrena eta aniztasunarekin egokien bat egiten duena. Baina bidea ibiliaz egiten da, eta daborduko Andoainen eta Gasteizen gertatu dira lehen estropezuak. Udalerri gipuzkoarra bereziki kutuna zaie sozialistei, sinbolismoz betea, eta min handia eman die bertako alkatetza EAJren zerrendako zinegotzi independente baten boto zuriaren erruz euren esku barik EH Bildurenean geratu izana. Ordainetan edo, Gasteizen ez diote babesik eman Gorka Urtaran alkate berri jeltzaleari, Marotori aurre egiteko oso pieza garrantzitsua zirenean. Horrek aldaketa arriskutan jarri du Arabako hiriburuan, eta alderdi bien arteko harremanak ozpindu ditu. Irabazi koalizioko zinegotzi batek ahalbidetu du iraulia bertan, baina hirugarren abiatuta EAJk lan franko izango du agintaldiari gorabehera handirik gabe eusteko. Udaletxeko giltza izatea ez da nahikoa gobernagarritasunaren giltzaz jabetzeko, eta Gasteizko desafioa bereziki korapilatsua izan daiteke.

Marotok irabazi zituen hauteskundeak maiatzaren 24ean, alde handiz. Baina bera izan zen lehenago bere burua guztiz isolatu zuena. Aurreko beste alkate batzuen lana bere egiteko asmoz jardun zuen hasieran, komunikazio politika efektista bat baliatuta. Eta hori berriz irabazteko nahikoa izango ez zitzaiola konturatu zenean etorkinen aurka jo zuen, laguntza sozialetako iruzurra amutzat hartuta. Arazo hori mahai gainera eramateko modu asko zeuzkan Gasteizko alkate izandakoak, baina txarrena aukeratu duen, populistena, oldarkorrena. Egon daitekeen arazoari gainerako alderdiekin batera arduratsu heldu beharrean, gehienezko etekin politikoa atera nahi izan zion, bere kabuz kudeatutako kanpaina baten bitartez, eta salatzen ei zenaren mugak erabat gaindituz. Jakin bazekien horrek boto sorta eman ziezaiokeela, baina horien ordainetan galdu du kargua. Aparteko egoera bati emandako erantzuna da Gorka Urtaran alkatetzara eraman duena, bere aurrekoaren gehiegikerien eraginezkoa. PPk, orain moderazioa aldarrikatzen duen horrek, ez du aurpegi hori erakutsi ez Gasteizen ez Araban, laguntza sozialen gaindiko aurpegi ilunena azaldu baitie etorkinei eta euskara bera ere baliatu gura izan baitu moderazioan eta bizikidetzaren aldeko parametroetan ez dauden hainbat sektoreren botoak lortu guran. Bere estrategiaren biktima da orain Alderdi Popularra. Egoera horretan, beste hainbat lekutan baino are beharrezkoagoa da Gasteizen EAJk eta PSE-EEek elkar ulertzea eta udal gobernu koherentea, egonkorra, anitza eta zabala osatzea.

Euskal politikagintza etapa berri batean dago maiatzaren 24az geroztik. Aliantzak berrosatzen ari dira eta eguneroko kudeaketaz gain etorkizunera begirako hausnarketa patxadatsu baina sakonei ekin beharko zaie. Nafarroan datorren ziklo berriak iraganeko hainbat mamu uxatu beharko lituzte. Iruñeak bere historiako lehen alkate abertzalea du zapatutik, eta aurki Erkidegoak jatorri bereko lehen presidentea izango du. Pragmatikoak behar dute, Nafarroako errealitate soziologikoa aintzat hartzeko modukoak. Ezker abertzalearen baitan Joseba Asironek perfil propioa izan du behin baino gehiagotan, eta onerako. Uxue Barkosi dagokionez, ez dago aproposagorik Erresuma Zaharrak behar duen aldaketa lasai eta integratzailearen buru izateko. Elkar ulertzeko sasoia da, herritarren premiak lehentasun izatekoa, gerturatzekoa, eta baita EAE eta Nafarroaren arteko harremanak normaldu eta estutzekoa ere. Erakundeetako giltzak dituztenek ezin dituzte giltza direnak ahaztu, ezinbestean. Baina giltzik gabe geratu direnak ere ezin dira bazterrean utzi, ereindakotik jasotzen baita beti.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad