joseba arruti
Lunes, 8 de junio 2015, 01:10
Duela hiru asteburu Erresuma Zaharrean aldatutakoaren sakontasuna UPNren erreakzioaren tamainakoa da: ikaragarria, aurrekaririk gabekoa. Foru Erkidego gisa ekin zionetik, 1982tik, PSN eta UPN txandakatu dira beti gobernuburutzan, eta elkarrekin eutsi izan diote Hobekuntzaren ondorengo estatusari. Lehian aritu dira batzutan, elkarrekin beste askotan, baina testuinguruen gainetik ... biei egokitu zaie Nafarroa Estatu auzi bihurtu izanaren ondoriozko agertoki politikoa kudeatzea. Euskal abertzaletasunak, aldiz, ETAren basakeriek mugatuta ekin behar izan dio beti, baita erakunde horren jarduera erabat errefusatzen zuen sektore zabalak ere. Eusko Alkartasuna gobernuan aritu zen behin, PSN eta CDNrekin batera Otano presidente izandako hirukoan, 1995-96an, baina esperientzia hura parentesi labur modura geratu da.
Publicidad
Hasierako etapa sozialista, Gabriel Urralbururena, 1984-1991koa, ustelkeriak jota amaitu zen, presidentea bera giltzapean preso hartuta. UPNren ziklo luzeak ere gaitz berberaren eraginez eman du berea, botoemaileen zigor gogorra jasan ostean. Ez da kasualitatea hala izana. Estatuak Nafarroan agintzen zutenei hamarkadotan zehar emandako mugagabeko babesa inpunitatearekin lotu dute askok, zikinkeria estali ezin eta bertan ito izan diren arte. EAEri begira lurraldearen izaera berezitua blindatzea izan da batzuen eta besteen helburu nagusia, botere kuotak euren artean eskuzabal banatuta, eta horretan jardun dute. Orain arte. Yolanda Barcina egungo presidentearen duela bi asteko adierazpenek, bertako egoera politiko berria Alemania nazikoarekin parekatzeko baliatutakoek, eta ostean José Javier Esparzak eta Enrique Mayak egindakoek ezin hobeto nabarmentzen dute UPNren baitan nagusi den etsipena eta ezintasuna. Baina berandu dabiltza. Nafarroako Kutxaren auziak eta gehiegikeriz eta irregulartasunez betetako beste hainbatek alderdi horretan diharduten askoren bultzada izan dute, eta olatu horrek eraman ditu orain. PSNrekin eta PPrekin batera ere ez dute nahikoa Parlamentuan, eta garai berri bat dator, Uxue Barkos presidente izanen duen gobernuaren eskutik abiatuko dena. Ferrazetik nafar sozialistei urteetan egindako deiek eta barne egituraren poderioz ezarritakoek erabakigarri ez izatera eraman dituzte azkenean, UPNren makulutzat hartu baitituzte gero eta gehiago askok eta askok.
Erkidegoko bigarren alderdi legez, Geroa Bairi egokituko zaio foru gobernu berria osatzeko ardura. EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta I-Eren arteko konbinazio zabalen bat beharko du horretarako, eta lortzeko bidean dago. Uxue Barkos ezagutzen duenak jakin badaki zentzuzko emakumea dela, den horretatik eskua luzatzen dakiena, batzeko bokazioa duen horietakoa. Bere aurka beldurraren eta arrisku gorrien mamuak baliatu nahi izateak politika egiteko modu trikimailutsua islatzen du, zeharkakotasunerako ezintasuna, integrismo politikorako joera. Nafarroak gobernu anitza behar du, halakoxea delako, nahiz eta orain arte ezker abertzalearen ibilbideak eta sozialisten kontraesanek hori ezkutatu. Baina anitza izateaz gain, gobernu horrek koherentea behar du izan, egonkorra, ez gehiengo nahikoak osatzeko borondateak besterik gabe bat egindakoa. Eta Nafarroako errealitatea aintzat hartu behar du, erreaktiboa izate hutsak aldaketa parentesi bihur bailezake berriro. Adolfo Araizek berriki esandakoak okerreko bidetik doaz, baina ez da harritzekoa Herri Batasuneko goardia zaharrenetakoaren ordezkaria iragana baita eta ez etorkizuna, birziklatzeko asmorik gabekoa.
Kalean ohikoa dena ofizial egin beharko luke Barkosen gobernuak, batik bat euskal kulturarekin eta bereziki euskararekin, nafar hizkuntzarekin, zerikusia duena. Hortik jota, eraginkortasunez, gardentasunez eta zintzotasunez eustea izan behar da osatzen den koalizioaren ezaugarri nagusia, alternatiba serioa, errealista eta aurrera begirakoa badagoela erakusteko. Geroa Baik hauteskundeetan lortu duena sekulakoa izan da, politikan jarduteko modu eta estilo zehatz batekin oso lotutakoa. Eta hori da, hain zuzen, etortzear dagoenaren nondik norakoentzat osagai aproposena. Normaltasunarena, alegia. Herritar gehien-gehienek normaltzat jotzen dutena gobernuan ere hala izatea, EAErekiko harremanak sendotzea barne. Barkos gaitasun handikoa emakumea da, Madrilgo Kongresuan denek aitortu duten lan itzela egindakoa, eta Nafarroako presidente izateko beti ezinbesteko beharko lukeen perspektiba soziologikoaren eta politikoaren jabe da. Aipatutakoez gain, bere egitekoek agenda soziala lehenetsi beharko dute, krisiaren amaierak premiaz beteta daudenak aintzat har ditzan, bizitza politikoa goitik behera garbitzeko eta neurri aurrerakoiak uztartzeko. Beldurrik eragin ez, eta urrun daudenak erakartzeko edo behintzat lasaitzeko moduko ekina izango litzateke Nafarroako Gobernu berriak bere buruari eta bertako gizarteari egindako ekarpenik onena.
ETAren amaierak, zorionez, gauza asko aldatu ditu onerako Euskal Herrian. Nafarrei nahi dutena izateko eskubidea aitortu behar zaie, tutelarik eta blindajerik gabe. Baina, aipatu bezala, bestelako askotan aritu beharko luke osatzen den gobernuak lehenik legegintzaldi berrian. Gai sozialetan, hizkuntzarekin eta kulturarekin zerikusia dutenetan, ekonomia suspertzekoetan eta halakoetan. Estatusaren inguruko eztabaidak luzea eta sakona behar du Nafarroan, eragile politiko guztiak edo ahalik eta gehienak eroso sentiaraziko dituen orekazko helmugara iritsi arte, eta momentuan momentuko gobernuaren jardunaren gainetik egon behar luke. UPNk ez du nafar guztientzat gobernatu, eta asko aintzat ere ez ditu hartu. Den Nafarroaren ordezkari izaten saiatu behar du Uxue Barkosen exekutiboak orain, ikuspegi zabal, abegikor eta inklusiboa ardatz hartuta. Oztopoz beteta aritu beharko du, Nafarroak Estatu auzi izateari utzi ez diolako eta ondorioz hainbat botere faktiko aurka izango dituelako. Horrelakoetan eman behar da onena, bestelako eredu bat badagoela frogatu eta etorkizun anitzago baten lehen urratsak egiteko. Eta bitartean, UPNk badu zer pentsatua. Agian, orain arteko errezetek, nafar identitatea norbere ikur bihurtu nahi izan eta gizartearen zati bat baztertzeko baliatu direnek, jada etorkizunik izango ez dutelako. Gobernu berria osatuko dutenak beste edozein bezain nafarrak dira. Hain oinarrizkoa dena ia iraultzailea izateak adierazten du Foru Erkidegoan zer aldatu badagoela.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.