Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
JOSEBA ARRUTI
Lunes, 18 de mayo 2015, 01:32
Inkestek dagokiena eman dute eta, gainera, inor gutxi fidatzen da horietaz. Erresuma Batuan jazotakoa ikustea besterik ez dago azkenaldian ondo irabazia duten sinesgarritasun faltaz ohartzeko. Hemen ere batzuetatik besteetara dagoen aldea dezentekoa da zenbait alderdiren kasuan, porrotetik arrakastara dagoen tartearen bestekoa. Datorren domekan ikusiko da ... zein ibili den zuzen eta zein oker, baina aitzakiak prestatzen emango dute azken astea enpresa batek baino gehiagok. Kanpainak, bitartean, aurrera egin du, Euskadin hainbestetan amestu izan dugun zorioneko normaltasunez. Politologoen artean iritzi ezberdinak daude horien eraginkortasunaz, boto joerak aldatzeko mitinek eta antzekoek duten indarraz, baina, badaezpada, inork ez die uko egiten.
Alderdiak euren aukeren edo beharren arabera ari dira lanean: EAJ Araban eta Gipuzkoan jo eta ke, EH Bildu ere bi lurralde horietan, PSE-EE udalerri zehatzen mailan areago eta PP, Araban. Podemos-en inguruko zerrendek eta zer esanik ez Ciudadanos-ek ez dute harrera beroegirik jaso oraingoz, eta zail izango dute beste hainbat lekutan dituzten aurreikuspenak hemen betetzea. Euskadiko mapa politikoak oso berezko ezaugarriak ditu, ondo sustraitutakoak, eta espazio gutxi dago berrientzat. Gainera, Eusko Jaurlaritza bere esku duen alderdiaren balorazioa ona da, kanpoko beste aginte-eremuetan ez bezala, eta ez dago orain arteko indar erlazioa krisian jar dezakeen faktorerik.
Gehiengo sendoen aurka ari direnen artetik etorri dira aurreko asteko adierazpen tamalgarrienetakoak. Hala, Bizkaiko ahaldun nagusi izango ez dela sobera dakien Javier Ruiz PPko hautagaia iraingarri azaldu zen, oraingoan ere euskara baliatuta. Elkarrizketa batean esan zuenez, frankismo garaian aitona-amonari esker ikasi ei zuen euskaraz, eta EAJ agintean dagoela ahaztu zaio. Horrelako berbek adierazten dute zergatik ez duen inolako aukerarik datorren igandean. Frankismoan euskara debekatuta eta zeharo zapalduta zegoela ahaztu zaio, nonbait, eta Eusko Jaurlaritza buru-belarri aritu dela euskararen sustapenean. Bere adina kontuan izanda, nahi izan duelako ahaztuko zitzaion euskal hizkuntza, axolagabe jokatu duelako, baina ez EAJ buru izan duten erakundeek erraztasunik eman ez diotelako. Ruizen alderdiak bide luzea du oraindik euskararen alde gutxieneko enpatia agertzeko, etxeetara bidali duen propagandan ere ez baitago hitz bakar bat bertokoa baino ez den hizkuntzan. Bizkaiera irakatsi beharko litzatekeela adierazi zuen aipatutako elkarrizketan PPko hautagaiak, baina euren publizitatean ez dago ez batuarik, ez bizkaierarik, gaztelera besterik ez. 2015ean honela jarraitzea etsigarria da, tamalgarria, eta baita argigarria ere.
Bestelakoan, itunei begira dabiltza dagoeneko erakundeen buru izateko aukerak dituztenak, balizko kide izan ditzaketenei egindako kritikak ondo neurtuz eta keinuak han-hemenka banatuz. Bizkaian ezik, inoiz baino zailagoa izango da egonkortasuna bermatzea. Araban eta Gipuzkoan, lurralde eta hiriburu mailan, oso gertu ibil daitezke bi alderdi nagusiak eta gehiengo nahikoak osatzeko ate bat baino gehiago jo beharko dute. Interesgarria izango da nola lerrokatzen diren ikustea, joko horretatik datozen urteotako aliantzak egituratuko direlako, ETAren osteko garaiko normalizazio politikoaren eraginezkoak. Udalerri eta lurralde historiko mailan adostutakoa goragokoan berretsi beharko da urte eta erdi barruko autonomikoetan eta horretarako ezinbestekoa da etorkizuneko estatus politikoaren inguruan hitz egitea eta jarrerak hurbiltzea. Ezker abertzalea behin eta berriz ari da EAJri amua bota guran, erabakitzeko eskubidea lehenik eta independentzia gero baliatuta. Baina urrats zehatz eta errealistaz lagunduta ez doan edozein aldarrikapen hutsala izan ohi da, helburu prosaikoagoduna. Jeltzaleek ondo eutsi diote orain arte etengabeko estutze saiakera horri eta, inkesten arabera, EAEko herritar gehienen babesa dute hartutako norabidean. Abertzaletasunaren barruan ez da EH Bildurena sostengu zabalena duen estrategia, EAJrena baino.
Udal eta foru bozetan, gainera, agenda bestelakoa da, herritarrei zuzen-zuzen eragiten dieten arazoek osatutakoa. Horiei erantzuteko gaitasuna izatea da botoemaileek saritzen dutena, eraginkor jokatzeko gauza izatea. Ondorioz, lehia sozialean ari dira alderdi guztiak, ekonomia goiburu hartuta. Ardatz horren garrantziaren jakitun dira, krisia erabat gainditzeko asko geratzen baita oraindik, batez ere etxe asko eta askotan. Susperraldiaren berri ematen duten adierazle makroekonomikoen gozotasuna itota dabiltzanei heltzen ez zaien bitartean larri jarraituko du gizarteak, itxaropenak ez baitu fakturak ordaindu ezinaren atsekabea asetzen. Soka horretatik tiraka ari dira sozialistak, adibidez, baina krisia kudeatzeko izan zuten moduak baldintzatzen ditu oraindik. EAEn azken urteotako gainbehera ekonomikoari beste erkidego autonomo gehienetan baino hobeto aurre egin zaion usteak EAJren alde egiten du, bertoko ongizate sare indartsua leungarri izan baita egoerarik txarrenetan.
Kanpainako bost egun falta direnean, gehiena erabakita dago. Beti esaten da, baina datozen lau urteak oso garrantzitsuak izango dira: bai krisialdia gainditzeko eredua zehazteko, bai euskal mapa politikoa berrantolatzeko, bai autogobernuan sakontzeko. Behetik gorakoa izaten da olatua, parte hartzearen araberako indarrezkoa. Jokoan dagoen guztia ikusita, inork ez luke bere burua baztertu behar. Euskadin ez gaude sigla eta aukeren faltan.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.