Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
JOSEBA ARRUTI
Lunes, 11 de mayo 2015, 01:01
Hilabeteak zeramatzaten alderdiek kanpainako hamabost egunak prestatzen. Izan ere, honakoak ez dira edonolako hauteskundeak, herritarrengandik gertuen dauden administrazio mailetan nagusi nor izango den erabakiko baitute. Hautagaien aurkezpena urrun geratzen da dagoeneko, maiatzaren 24ra daraman bidea luzea eta nekagarria izan den seinale. Inkestei begira ibili dira ... den-denak tarte horretan, estrategiak moldatzeko eta mezuak fintzeko. Baina, azkenean, helburuek adierazten dute zein den alderdi bakoitzaren egoera kanpainaren lehen aste honetan, zeinek duen gehiago jasotzeko aukera eta zeintzuk dabiltzan ezinean, hankamotz.
EAJ da uneon ezeri uko egiten ez dion bakarra: Bilbon eta Bizkaian nagusi izango dela segurua da, Donostian, Gasteizen eta Araban lehia estuan ibiliko da azken momentura arte eta Gipuzkoan ezin esan daiteke ezer erabakita dagoenik. Horren jakitun izanda, jeltzaleek anbizioz ekin diote kanpainari, erreferentziazko alderdia direla baitakite. Abertzaletasun historikoa deitutakoa bere inguruan bilduta dago, 1986an Eusko Alkartasuna sortu zenez geroztik lehen aldiz. Zatiketa askoren ostean alderdi honen egituratik zutik geratzen dena EH Bildun dago, bai, baina sasoi batean izan zituen botoemaileetatik gehienek EAJren aldera jo dute berriro. Hamaikabat-ekoak dira urrats hori egin duten azkenak. Soziologikoki beti egon dira jeltzaleengandik hurbilago eta aspaldi hasitako itzulerako fenomenoa bi asteburu barru berretsiko da hainbat herri eta eskualdetan. Hala, Bilbon eta Bizkaian Aburto eta Rementeria gehiengo osotik zenbatera geratzen diren izango da zalantza bakarra. Jeltzaleak inoiz baino batuago eta sendoago aurkezten dira hauteskundeetara, Urkullu lehendakariaren eta Ortuzar EBBko presidentearen lidergo lasai, osagarri eta sendoa lagun, egoera ekonomikoak hobera egiten duen momentuan, epe laburrera eta ertainera begirako xedeak ondo landuta. Egoera horretan, EAJk aukera asko dauzka M24ko gaueko garaileetako bat izateko eta, neurri handi batean, 1986ko zauria hiru lurraldeetan zein udalerrietan behin betiko ixteko.
EH Bilduk espektatiba asko sortu zituen duela lau urte, eta neurri batean baita bete ere. Betiko ezker abertzalearen batasunak, asko ahuldutako EAk eta ia oinarri sozial eta elektoral bako Alternatibak osatutako koalizioak emaitza borobilak lortu zituen Donostian eta Gipuzkoan, eta aintzat hartzeko modukoak Gasteizen eta Araban. Bilbon eta Bizkaian, ostera, benetako alternatiba izan ezinean geratu ziren eta hala jarraitzen dute oraingo honetan. Orduko epika puntua galduta, beste edozein alderdik lez egin behar izan diote aurre eguneroko kudeaketari udaletan eta Gipuzkoako Aldundian, nahiz eta tarteka independentzia etzirako eskatuz eta abertzalometroa astinduz euren jarraitzaileak mobilizatzen eta EAJ estutzen saiatu diren. Baina etekinak erdipurdikoak izan dira, eta Donostian larri ibiliko dira alkatetzari eusteko. Izagirre alkatearen kudeaketa ez da bereziki distiratsua izan eta litekeena da bertakoek Eneko Goiaren alde egin eta norabide aldaketa aukeratzea. Kolpe gogorra litzateke Bildurentzat, bere esku duen hiriburu bakarra galduko bailuke. Gipuzkoa mailan, ostera, EAJrekiko distantzia handiegia da lau urtetan alperrik galtzeko, baina argi dago bi alderdi nagusien arteko tartea ordukoa baino dezente txikiagoa izango dela oraingoan. Araban sendo jarraituta ere, ezusteko galanta litzateke ezker abertzaleak hiriburuan zein lurralde mailan aukeraren bat izatea. Aurrera begira, dagoenean geratu nahi ez badu, EH Bilduk eguneroko gaiei eman beharreko erantzunak landu beharko ditu, dena ezin baitaiteke estali subiranotasunari buruz soilik berba eginda.
Bestalde, helburu handien faltak adierazten du PSE-EEren egungo egoera. Batik bat, bere esku dituen udal nagusiei eustea izango da sozialisten xedea, Ezkerraldean Podemos-en marka ezberdinei aurre egin eta indartsu agertzea, eta Ermua, Eibar eta Irun bezalako boteregune enblematikoetan buru izaten jarraitzea. Lurralde eta hiriburu mailan ez dute zer eginik, eta nahikoa izango zaie Araban zatiketen ostean lur jota ez geratzea eta bestelakoetan balizko koalizioak sortzen laguntzeko indar nahikoa izatea. Hori lortzeko, gai sozialei helduko diete batez ere, ezkerreko botoemaile ez abertzaleekin aspaldi izandako loturari eutsi eta Podemos-i aurre egiteko, nahiz eta Iglesias-en jarraitzaileak azkenaldian indarra nabarmen galtzen ari diren.
PPk, aldiz, arabartuta egingo die aurre hauteskundeei. Bizkaian eta Gipuzkoan guztiz bigarren mailako alderdia da dagoeneko, eta aukerak dituzten lurralde bakarrean ari dira jo eta ke, profil gordineko botoemaileen bila, etorkinen eta euskararen inguruko eztabaidak eragin guran. Araba mailan ia ezinezko izango dute garaipena eta, beraz, Maroto da itxaropen bakarra. Bere alde emango dute daukaten guztia, gorporazioa osatuko duten gainerako alderdien artean aliaturik izango ez dutela ondo baitakite. Protagonismo politikorik gabe ez geratzeko Gasteiz ez galtzea ezinbestekoa zaie PPkoei, Arantza Quirogaren lidergoak hondoa joko baitu bestela, alderdi barruko krisia gori-gori jartzeraino.
Oraingoz, inkestek diotena da erreferentzia bakarra, eta horien inguruan ari dira alderdiak kanpainako egunetan mezuak egokitzen. Baina inkestetatik emaitzetara aldea egoten da beti, soziologoen etsipenerako, eta aurreikuspenak horien arabera mamitzen direnez distantzia horrek, behin baino gehiagotan, garaipen garratzak eta porrot gozoak ahalbidetzen ditu. Hala, zuhurtasuna da onena honelakoetan, umiltasuna, eguneroko lana. Horien jabe dena ez da agintari txarra izango maiatzaren 24tik aurrera.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.