Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 4 de mayo 2015, 01:06
Krisiaren zartadek eta ustelkeria kasu ugariek panorama politikoan ezer ez mugiaraztea harrigarria zirudienean hartu zuen indarra Podemos-ek, ia bat-batean. Europako Parlamenturako iazko hauteskundeak baino lehen oso gutxi ohartu ziren zetorrenaz. M-15eko protestak gorpuztu nahian astiro-astiro abian jarritako mugimenduak sekulako arrakasta lortu ... zuen orduko hartan, Espainiako egoera politikoa hankaz gora jartzerainokoa. Alternatibatzat hartua izateko gaitasuna galdua zuen PSOEk Zapateroren azken bi urteen ondorioz, PPren gobernu jardueraren aitzinean ezkerreko ikuspuntutik ezin kritikoago eta zorrotzago ari ziren askoren ustez ere. Sinesgarritasuna berreskuratzeak luze jotzen du horrelakoetan eta ezinezkoa da goitik beherako aldaketa autokritikorik ezean. Sozialisten baztertze horrek IUren aukerak hobetu zituen aldi batean inkestetan, baina Extremaduran PP gobernatzen uzteak, Andaluzian PSOEren eskutik agindu eta aldaketa handirik eragin ez izanak edo Bankiako aginte-organoetan bere ordezkari izandakoaren jokamolde lotsagarriak ez zion batere mesederik egin. Zaharkitutzat eta benetan eraldatzaile izateko indar eta gogo gabekotzat hartu dute geroztik federazioa ezkerreko botoemaile askok eta askok, baita sozialistekin haserre jarraitzen zutenek ere. Hala, 2013an eta 2014ko lehen hilabeteetan PPk gero eta beherago egin zuen, baina PSOEren aldi bereko berrindartzerik gabe eta IUk bere ohiko mugetan harrapatuta jarraitzen zuen bitartean. Ezkerrean ez zegoen popularrei benetan aurre egingo zien inor.
Iazko maiatzaren 25ean hasi zen guzti hori aldatzen. Politikan gehien murgildutakoek baino ezagutzen ez zuten talde batek, Podemos-ek, 1.253.837 boto lortu zituen, %7,98, eta bost europarlamentari. Euren mezua gordina zen erabat, kastatzat jotzen zuten ordura arteko egitura politikoaren aurkakoa, krisiak eragindako sumindura aldaketa politiko bihurtzea aldarrikatzen zuena. Unibertsitateko irakasle talde batek dinamizatuta, ezker muturreko jatorrizkoak denak, sekulako jauzia eman zuen alderdi baino sasoi hartan mugimendu politiko soil zenak. Pablo Iglesias, Iñigo Errejón, Juan Carlos Monedero eta beste hainbat telebistako tertulietan ibilitakoak ziren, eta oso ondo menperatzen zituzten hedabideek eta sare sozialek baliatutako aukerak eta plazaratu behar zituzten mezu politiko zehatzak, indarrean zegoen sistemari osotasunezko kritika zorrotza egiterainokoak. Podemos-ek sekulako indarra hartu zuen ostean, inkesta askotan alderdi nagusi modura agertzeko bestekoa.
Andaluzia eta Venezuela
Hauteskunde bakarretara aurkeztuta, Andaluziakoak baino lehen, aldaketa handiak eragin ditu zirkuluen alderdiak Espainiako politikagintzan. Ustelkeria eztabaida politikoaren erdigunera eraman du, eta PP eta PSOE elkarren arteko ohiko purrustadetik haratago mugiarazi ditu, urrats zehatzak egin behar izatera. Horrelako kasu askoren aurrean erreakzionatu ez eta behin baino gehiagotan hautagai ustelak eskuzabaltasunez bozkatzen zituen gizartearen baitan ere nolabaiteko kontzientzia zibikoa esnarazi du, zenbaitzutan jarrera inkisitorialak ahalbidetzeraino. Aurretik duen etorkizuna gorabehera, etapa historiko zehatz honetan ukaezina da Podemos-ek dinamika politikoak eta egiteko hainbat modu berritzerakoan izan duen eragin sakona.
Besteenganako zorroztasuna bere aurka ere baliatu da azken hilabeteotan. Venezuelako gobernuarekiko Podemos-en ustezko edo benetako loturak eta haren eskutik lortutako finantziazio bideak zein alderdiko zenbait buruzagik Ogasunarekin izandako gorabeherak edo unibertsitateko bekaren bat kudeatzeko moduak zalapartatsu izan dira. Barrura begira, ondo kalkulatutako anbiguotasuna baliatu dute behin baino gehiagotan Pablo Iglesias idazkari nagusiak eta bere zuzendaritza taldekoek, ezker-eskuin ardatzari dagokionez edo Estatu formari buruz, esaterako. Ikur etikoari eutsi diote eta bateko eta besteko suminduak batzeko ahaleginean aritu dira, euren ideologia mozorrotu edo leundu guran. Horrek etekin birtualak baino ez dizkie eman orain arte, zehaztu behar izan direnean, Andaluzian esaterako, emaitzak aurretiazko usteen azpitik egon direlako.
Alderdi egiturak osatu eta programak landu behar izan direnean sortu dira lehenengo arazoak. Asanblearismoa eta alderdien baitan ezinbestekoa den disziplinak dakartzan inertzia bertikalak uztartzea ez da lan samurra. Maiatzaren 24ko hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko izandako barne-lehietan eredu ezberdinak azaleratu dira, kudeaketa mailan bai, baina baita norabide ideologikoari dagokionez ere. Kastaren aurka egin nahiak batu zituenak programa politikoa zehaztu beharrak bananduko ditu, ia ezinbestean. EAEn Iratxe Osinaga buruzagi nagusietakoak alde egin du jada Podemos-etik, arrazoi ideologikoak aitortuta, eta Espainia mailako hirugarrenak, Juan Carlos Monederok, bide bera hartu du zuzendaritzari epeltasuna egotzi ostean. Aldi berean, inkestetan alderdiaren aukerak urritzen ari dira eta inork ez daki zenbatean eutsi ahal izango dioten hauteskunde orokorrak heldu bitartean. Praktikan zenbaiterainoko eraldaketa eragin dezakeen jakitea falta da eta, horrekin zuzen-zuzen lotuta, alternatiba ala makulu izango ote den. Azkar hazten dena abiada berean ezerezten da, sarri askotan. Zehaztasunaren sasoia heldu zaio, arazo zehatzei konponbide bideragarriak eskaintzekoa. Eta, oraingoz, joko-eremu berri hori deserosoa zaio Podemos-i, aldarrikapen orokorretatik programaren lerroetako bakoitzera dagoen tartea ez baita edonolakoa. Bide hori egiteko bazterrean zer utzi beharko duen jakitea falta da, proiekzio birtualetatik boto bakoitzaren errealitatera zenbateko distantziara dagoen. Agian, onena emanda dago. Gaztetan, zahartuta.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.