Javier Maroto eta Gorka Urtaran.

Txarrantxazko politika

Datozen bozei begirako Arabako lehia politikoak oso ezaugarri zehatz eta berezkoak ditu, beste euskal lurraldeetan ematen ez direnak. Izan ere, PPk Aldundia eta Udala gal ditzake danbateko bakarrean eta, arrisku bizi horri aurre egiten saiatzeko, ganbarako mamu guztiak askatu ditu

joseba arruti

Lunes, 27 de abril 2015, 01:51

Etsipenak ondorio txarrak ditu politikan. Bai herritarrak kolpatzen dituenean, muturretako aukerak salbatzailetzat hartzeak Historia odolez blai utzi baitu, eta baita boterean dauden alderdiak harrapatzerakoan ere, iparra galdu eta soka laburreko estrategia populistak baliatzen dituztelako. Javier de Andres, Javier Maroto eta Arabako zein EAEko PPko buruzagiak ... urduritasunak janda dabiltza azken aste eta hilabeteotan, maiatzaren 24ko hauteskundeek ekar dakizkieneen beldur. Jakin badakite Gasteizko Udaleko egungo gehiengoa kolokan daukatela, eta Arabako Batzar Nagusietan ez direla, ziur, lehen alderdia izango. Errealitate demoskopiko sendo horren aurrean, integratzaile aritu beharrean bertako gizartearen ertzetako batera jo dute boto bila. Datozen lau asteetarako gorde dituztenen esperoan, oraingoz bi izan dira baliatu dituzten gaiak: laguntza sozialekin lotutako ustezko iruzurrei dagokiena, bata, eta euskara sustatzeak bizkaitar eta gipuzkoar maltzurren eskutik eragin ei duen inposizioarena, bestea. Ezer berririk ez, aspaldiko klasikoak bueltan.

Publicidad

Honelakoekin, beste behin, PPk uko egin dio arabar eta euskal gizartearen gehiengoarentzat gobernatzen saiatzeari. Ondo kostata lortutako adostasunei muzin egitea erabaki dute, zentrotik urrun, gogorrenen ordezkari izan eta boto eskukadaren bat jaso guran. Ez dago moderaziorik estrategia horretan, ez zeharkakotasunik, ez arduratsu jokatzeko asmorik. Grina makurrenetako zenbait astinduta eutsi nahi diote orain arte izan duten botere mailari, gizarte kohesioaz eta antzekoetaz zein iritzi duten ezin nabarmenago adieraziz. Baina bide horrek isolamendura daramatza, gehiengo zabalekin sekula bat egin ezin izatera, baztertuta geratzera.

Hauteskundeetara bitartekoan PP honelakoetaz mintzatzea ez da kasualitatea, ez bat-bateko burutazioa. Ondo zehaztutako lan-ildo baten ondorioa da, gizartea tentsionatzen eta zatitzen saiatzekoa. Beste zenbait alderdiri hamaikatxo aldiz egotzi dizkietenetan dabiltza buru-belarri, epe laburreko errentagarritasun politikoari bakar-bakarrik erreparatuta. Bestelakoa behar luke bere jokabideak, Arabako gobernu ardurek eskatzen dioten ikuspegi zabalekoa, ez itsututa dabilenarena. Haatik, ez dirudi datorren hilabetean ezerk hobera egingo duenik. Txitximurka jarraituko dute, gero eta etsiago.

Ongizate sistemaren zutabe nagusiak adostasun politikotik eraiki behar dira. Hortik aurrera zilegizkoa da bakoitzak bere eredu propioa izatea, eta berorren alde egitea. Hori da, besteak beste, edozein hauteskundetan jokoan jartzen dena. Laguntza sozialei dagokienez ere oinarrizko bat egiteak ezinbesteko dira, onuradun diren gizarteko sektore xeheenen mesedetan. Banatzeko gutxiago dagoen krisi garaietan, zergadunek are zorroztasun handiagoa eskatzen dute iruzurraren eta gehiegikerien aurka. Horrela funtzionatu behar du sistemak, behartsuenen alde, gardentasunez, kontrolpean, diru publikoa behar bezala baliatzeko berme guztiekin. Horretan bat datoz alderdi politiko guztiak, logikoa denez, elkartasunak ez baitu zerikusirik ez dagokienei ematearekin edo laguntzapekoak betikotzearekin. Eta gaur egungoan zerbait hobetzerik balego, eta badago, testuinguruetatik haratagoko hausnarketa eta eztabaida sakon baten ondoren etorri behar da. PPk, ostera, ez du bide horretatik jo. Ez da leiala izan, jarrera eraikitzaileetatik kritikoa izatea aukeratu beharrean bereiztera jokatu duelako, susmoak zabaltzera, arrisku handikoak diren keriak baliatzera, babesgabeenak eta ahulenak gordin-gordin seinalatzera. Jokabide horrek jarraitzaile asko ditu kontinente osoan, baina Europako Batasunaren sortzetiko espirituaren aurkakoak dira.

Euskarari buruzkoetan ere xaxatzen aritze horrek PP gizartearen atzetik doala erakusten du. Euskal hizkuntza ez da arrotza Araban, bertakoa ere badelako eta, gainera, arabarrek hala nahi dutelako. Unidad Alavesaren pareko bihurtu guran dabilenak ez die mesederik egiten hizkuntza politikaren inguruan ezinbesteko diren funtsezko adostasunei. Euskararen sustatze eta normalizazio prozesua eredugarri izan da hainbat ikuspuntutatik eta gizartearen gehiengo zabal baten eskaerei erantzun die. Araba mailan hori ezbaian jarri nahi izatea eta gainerako lurraldeetako herritarrekin gatazka bilatzea erabat lotsagarria da. Euskalduntze prozesua bertako eta bestelako leku guztietako errealitate soziolinguistikoari egokitu zaio, askotan euskaradunak kaltetuta eta PPren ia laguntzarik gabe. Hala ere, gai honetan aurrera egitea ahalbidetuko dutenak adostasun esparruak dira beti eta horiek lehenetsi beharko lirateke, ahal bada baita Alderdi Popularrarekin ere, momentuan momentuko gorabeheren gainetik. Arduragabe aritu da Arabako ahaldun nagusia gai honen inguruan, ezjakintasunetik eta aurreiritzietatik abiatuta. Baina honakoan ez da arabar gehienen bozeramaile, hilabete barru ikusiko den legez. Oso alderantziz, horrelakoek eta bestelako askok eramango dute oposiziora.

Publicidad

Norgehiagoka politikoan eta hauteskundeetakoan bakoitzak berearen alde egin behar du, jakina. Hori da lehiak dakarrena eta gizarte anitz batek aukeratzeko behar duena. Baina gehiengoen ordezkari izan nahi dutenek ezin diote uko egin erdibideak eta orekak bilatzeari. Zenbait gaik horixe behar dute, zentzuz jokatzea, integratzaile izatea, arduratsu aritzea. Ezin dira zeharkakoak behar duten akordioak eta adostasunak zenbait botoren truke aldiro urratu, gizartearen gehiengoari lepoa emanda. Txarrantxaren burdinazko hortzek ez dute balio politikan. Arabako PP maiatzaren 24an jabetuko da horretaz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad