joseba arruti
Lunes, 23 de marzo 2015, 01:25
Jazotakoa aski ezaguna da, baina hor doa, labur: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalbiltzarekin hitzarmena sinatu ostean, 'Euskal Herria-Basque Country' marka zenbait errepidetako bederatzi bide seinaletan erabiltzea erabaki zuen aurreko urtearen amaieran, Gabonak baino lehen guztiak jartzeko asmoarekin. Horretarako, 'Euskal Herriko nortasun grafikoaren eskuliburua' baliatu zuen, ... hainbat udaletako ordezkariak biltzen dituen aipatutako erakundeak argitaratutakoa. Ia berehala, Carlos Urquijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, helegitea jarri zion Bildu buru duen erakundearen erabakiari, bide publikoetan kokatutakoetan gaztelerazko adierarik ezean "euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea urratzen" dela aitzakiatzat hartuta. Aldi beretsuan, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordeak, UPN, PSN eta PPNren bozekin, "esku-sartze onartezina" iritzi zion seinalotan erresuma zaharreko ikurrak agertzeari, eta bertako "errealitate instituzionala errespetatzearen" alde agertu zen. Horri eutsita, Yolanda Barcinaren exekutiboak kautelazko neurriak eskatu zituen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak hori aintzat hartu eta hamar eguneko epea jarri zion Gipuzkoako Aldundiari egoera zuzentzeko. Ostean, gaia borobiltzeko, azken honek bide seinaleetan Nafarroari egiten zaizkion aipamenak estaltzea erabaki du, nahiz eta auzi honetan bere jokabidea "legezkoa" izan dela berretsi.
Publicidad
Euskarari dagozkionekin ez bezala gazteleraren osasunari eta presentziari buruz Urquijok dituen kezkak alde batera utzita, Nafarroari buruzkoak du garrantzi politiko gehien guzti honetan, ezker abertzaleak, eta gaur egun Bildun lagun dituenek, nazioa ulertzeko, egituratzeko eta islatzeko duten jokamoldea adierazten duelako. Ez bakarrik intsumisioaren aldeko aldarrikapenak euren komenientzien arabera gogoratu edo ahazten dituztelako, ez. Ezta abertzale osoa, jantzia, benetakoa, koherentea eta zintzoa nor den eta nor ez den erabakitzeko tentazio inkisitorialaren aurrean gehiegitan men egiten dutelako. Iraganeko jardueren zipriztinak dira horiek, egin gabeko hainbat jauziren seinale. Urteetan zehar eduki praktiko gutxiko sinbolismoa elikatu dute, muinari heldu gabe, eta horretan jarraitzea da kezkagarriena. Euskal Herria izan badela ukaezina da, ez baita inoren asmakizuna eta ondo errotutako arrastoak utzi baititu historian zehar. Baina maila askotako errealitate hori gaur egungo edo etorkizuneko nolabaiteko egitura politiko bihurtu guran, ez dira nahikoak su ziriak eta txinpartak, naziogintza deitzen den horrekin lotutako egitasmo errealista, zabal, eraikitzaile, zibiko eta abegitsua ezinbestekoa baita.
Azalari garrantzi gehiegi eman diote zenbaitzuek, eta mamiari gutxi. Sinboloekin lotutako aldarrikapenetan galdu dira, izena izanaren gainetik jarriz, itxura lehenetsi dute edukiari heldu beharrean eta kanpoko aitortzen bila aritu dira barrukoei gehiegi erreparatu gabe. Euskal Herriaren eraikuntza politikoak agenda propioa eskatzen du, perspektiba historikoa, malgutasuna eta irudimena. Ingurukoekin zein harreman mota izan nahi duten erabakitzeko eskubidea herri gisako kontzientzia duten guztiei dagokie, baina egunen batean subjektua edo subjektuen batuketa Euskal Herria izateko bide luzea dago aurretik. Hala, Arrankudiagan galdeketa egiteak ez du ezer txarrik, baina politikoki antzua da. Horretarako baldintzak sortu eta gero Fiteron edo Tuteran egitea litzateke benetako urratsa naziogintzan. Ikurrek garrantzia duten arren, horietatik askoz urrunago jotzea ezinbestekoa da. Nazio birtuala ez da nahikoa, herritarren borondatearen batuketaren araberako emaitza zehatz, sendo eta zeharkakoa behar duelako. Euskal proiektu nazionala lantzerakoan, abertzaletasunari bere buruarekin zorrotz jokatzea dagokio, dagoenetik abiatu eta asmo duen horretara egunen batean heldu ahal izateko. Zorroztasun hori maila guztietakoa izan behar da, gainera: politikoa, intelektuala, etikoa, demokratikoa...
Ereiten denetik jasoko da. Demagogiak eta ezerezkeriak ez dute inora eramango; eguneroko benetako naziogintzak, bai. Zeregin horretan gutxi lagundu du ezker abertzaleak azken lau hamarkadotan. 'Dena ala ezer ez' izan zuen apustua, odolezkoa gainera, eta bere porrota erabatekoa izan da. Bitartean, beste eragile askok nazioa abian jartzeari ekin diote, erakundeetatik, jarduera politikotik, elkarlanetik, ongizatea zabaltzetik. Lan emankorra izan da, inoizko asko lortzea ahalbidetu duena.
Nafarroan neurri bateko aldaketa politikoa lortzear egon daitekeenean bertako ikurrak baliatu, hango herritarren egungo ordezkari direnek helegitea jarri eta horiek estali behar izatea ez da balentria politikoen zerrendan gordeko. Ahul dauden aurkariei indarra eman diote eta frustrazioa eragin dute, beste behin. Euskal Herria bere benetako aniztasunaren ezagutzatik eta horren ondoriozko jardueratik eraiki ahal izango da. Egoera historiko bakoitzak ematen dituen aukeretatik, eta errealitate instituzionalekiko errespetutik. Irrintzien bolumenak ez du ezer neurtzeko balio. Jende asko dago egunero, isilean, nazioa eraikitzen, pertsonak gerturatzen, elkarlanezko proiektu erakargarriak ahalbidetzen. Inork egitekotan, horiek osatuko dute momentuan momentuko Euskal Herri posiblea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.