Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 21 de diciembre 2015, 03:25
Hauteskundeetako emaitzen gazi-gozotasuna neurtzeko askotan baliagarriagoak dira azken hilabeteotako usteak duela lau urte jazotakoak baino. 2011ko azaroaren 20 hartatik Espainiako gizartean aldaketa sakonak gertatu dira, orduko eskainu banaketak beste garai batekoa emateraino. Bi alderdi nagusi zeuden lekuan lau daude orain, eta hutsal samarra da ... PPk eta PSOEk igandeon lortutakoa hain gertu eta aldi berean hain urrun dagoen urteko parametroen arabera aztertzea. Bien gainbeheraren inguruan ez zegoen zalantzarik, krisi garaian gehiengo osoa kudeatzeko moduak zigortu baititu lehenak eta Zapateroren garaiaren amaierakoek eta oposizioan nabarmendutako ezintasunak txikitu baitituzte sozialistak. Podemos eta Ciudadanos alternatiba berri modura agertu dira 2014ko Europako bozen ostetik, bi alderdiko sistema hankaz gora jartzeraino.
Alderdi Popularrak irabazi ditu hauteskunde orokorrak, argi eta garbi, baina ezinean geratzen da. Lortutako 123 diputatuak oso gutxi dira aurreko deialdian bereganatutako 186ekin aurrez aurre jarrita, orduko 10.866.566 botoak bere historiako momenturik gozoenetakoari dagozkiolako. Behera egin dute nabarmen Rajoyrenek, 7.189.000 bototan geratzera arte. Aurrekaririk gabeko krisi bortitzak gizartean utzi duen zauri sakona aintzat hartuta ere emaitza txarra da, batik bat gobernatzeko ia aukerarik gabe uzten duelako. Ongizate sistemari egin zaizkion murrizketak, zerga igoerek, langabezi tasa ikaragarriak edo-ta ustelkeriarekin lotutako kasuek etorkizun beltza iragartzen zuten PPkoentzat, batez ere inkesta ia guztietan Podemos aurretik jarri zitzaienean. Popularrek eutsi egin diote nolabait, baina gehiengo osoa osatzeko modurik gabe. Gobernu zereginetan ezinbesteko kide beharko zukeen Ciudadanos-ek huts egin die. Riveraren alderdiak ez du bere esku izango gobernagarritasunaren giltza. PP eta PSOEren artean dagoen esparru politikoak ez du gehiagorako ematen, ezta biak inoizkorik txarrenean daudenean ere. Alderdi laranja oso azkar hazi da, figura mediatiko baten inguruan, eta ikusteke dago zenbaterainoko sendotasuna izango duen nobedade izateari utzitakoan. Euskal Herriari begira jarrera arduragabea erakutsi du, EAEko Kontzertua eta Nafarroako Komenioa akabatu gurarekin, Konstituzioan aipatzen direnen defentsa selektiboa eginda. Alde horretatik, PPrengan eragiteko aukerarik ez izatea berri ona da euskal alderdi gehien-gehienek gai honekiko agertu duten jarrerari Espainia mailan inork kalte egin ez diezaion.
Sozialisten emaitzak txarrak dira, baina bigarren jarraitzea ez da edozer aspaldion duten egoera aintzat hartuta. Alderdi berri biek egin diete hozka, ezkerreko sektore zabalak ilusionatzeko ezintasunaren ondorioz, batetik, eta krisiaren hasieran galdutako sinesgarritasunaren eraginez, bestetik. Pedro Sánchez-en lidergo berria ez da nahikoa izan horri buelta emateko, kanpoan baino barruan etsai amorratuagoak dauzkala ematen duelako, neurri batean. Iragana zama astuna da PSOErentzat, batez ere oraina emoziorik gabekoa denean. Kanpainan zehar hainbat arlotan egindako proposamenak ez dira bat etorri gobernuan egondakoan egindako askorekin, eta Pablo Iglesias-ek behin eta berriz gogorarazi die hori. Podemos-ek, aldiz, kanpaina borobila egin du, eta emaitzak ikusgarriak dira. Aldaketa sakona ari da gertatzen Espainiako ezkerrean, eta sorpassoaren aukera gero eta errealagoa da. Urtebete eta erdian alderdi moreak lortutakoa zientzia politikoetako fakultateetan aztertzeko modukoa da, eta sozialistak bene-benetako katarsira bultzatu beharko lituzke. PSOE ez da PASOK, eta ez da izango, baina bozemaileek benetakotzat hartuko duten aldaketa ezinbesteko du, berriz ezkerraren erreferente nagusi eta PPren benetako alternatiba izan nahi badu. Hala, Koalizio Handiaren tentazioa uxatu beharko du orain, Rajoyk arduratsu jokatzeko egingo dion gonbitea pozoin hilgarriz betetakoa litzaiokeelako.
Euskal alderdiei dagokienez, hauteskunde orokorretan inoiz baino zailagoa zaie euren ahotsa entzunaraztea, baina ez berton indar nahikorik ez dutelako. EAJk garaipen handia lortu du, berriz ere. Ez botoetan, gertu geratu arren, baina bai diputatuetan. Kontzertuaren defentsa bere mezuaren ardatz modura hartuta, bozkatzera joan direnen erantzun ona jaso du, agindu argia. EH Bilduk, aldiz, ez du asmatu oraingoan, ez du goiburu zehatz eta sinesgarririk baliatu, ez du jakin azaltzen zertarako egon nahi duen Kongresuan eta, aspaldiko ilusio maila apalenetakoarekin, duela lau urtekoa errepikatzetik oso urrun geratu da. Hausnarketa eta autokritika sakona egitea funtsezkoa zaie orain, udal eta foru hauteskundeetan ere atzera egin ostean. Podemos-ek konpetentzia gogorra egiten dio, gai sozialak auzi nazionalaren aurretik jartzen dituen ezkerreko sektorearen aldetik. Aurrera begira, Sortu alderdi oso nagusitzat duen koalizioak ezin izango du errealitate hori saihestu, hurrengo bozak autonomikoak direlako, bai, baina batez ere epe ertainera horrek izan dezakeen eraginarengatik.
Podemos-ek Euskadin lortutako emaitzak historikoak dira, zalantzarik gabe. Bertoko zuzendaritzak Madrilgoarekin izandako arazoak gorabehera, boto gehien eskuratzea lortu dute, aurreikuspen guztiak gaindituta. Autonomikoei begira ondare hori kudeatzen asmatuko ote duten da galdera nagusia, baina badute baikor izateko arrazoirik. PSE-EEk uste baino hobetoxeago eutsi dio eta PPk porrot egiten jarraitzen du berton, baina batak zein besteak etorkizunari nola heldu erabaki beharko dute ahalik eta arinen, beheraka jarraitzen dutelako. Eusko Legebiltzarra berritzeko bozei begira jarriko dira guztiak. EAJ eta Podemos, baikortasunetik; eta gainerako hiru nagusiak, kezkatuta egoteko arrazoiek eta urduritasunak harrapatuta. Euskadin ere ohiko eskema asko ari da apurtzen, batik bat ezkerrean. Eta ez du egun bateko kontua ematen.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.