Tenpora taldeko kideak.

Tenporaren denbora

Pop, jazz, rock eta literatura musikatua bezalako osagaiak batu ditu talde gipuzkoarrak 'Mundu Berria' lanean

Jokin Elizaran

Domingo, 17 de mayo 2015, 17:40

Pop, jazz, rock eta literatura musikatua bezalako osagai mamitsuak nahastu ditu Tenpora talde gipuzkoarrak 'Mundu Berria'-n, bere lehenengo diskoan. Euskal musikaren arloan izaera berezia duen proposamena berria dela esan daiteke, kutsu poetikoa baitauka proiektuak. Izan ere, Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canoren hitzekin argitutako kantak ... aurkeztu dituzte Elene Arandia (ahotsa), Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (piano, hammond) eta Beñat Barandiaran (gitarra elektrikoa) musikariek.

Publicidad

Beasaingo Pottoko Studioan grabatua, Tenporaren estreinako lana 12 kantuz osatua dago. Eta maitasuna, denboraren joatea edota bakardadea bezalako kontzeptuak jorratzen dituzte gipuzkoarrek bere konposizioetan. "Orain ez da bart, orain gaur da betiko", diote 'Zure bila ibili naiz bart'-en (Linazasororen hitzekin), beste kantu batek 'Beti da orain' titulua dauka eta "bizitza badoa, bizitza badator" esan du Zeberio Etxetxipiak 'Frustration'-en. Arandiaren ahotsak, gainera, ñabardura asko du, emozioa transmititzeko gai den interpretatzailea da.

Taldea duela urte pare bat sortu zen, eta sei kantuko maketa ere kaleratu zuen. Disko txiki horretako piezak 'Mundu berria'-n ere sartu dituzte, beste zenbait kantu berriekin. Lauaxetaren 'Agur Euzkadi'-ren Antton Valverderen kantuaren bertsioa eta Laboaren 'Gure hitzak' (Atxagaren hitzekin), esaterako. "Talde soinu sendoaren bilaketa-prozesua abian jartzeko asmoa genuen. Astez aste, urtebetez, entsegu lokalean bildu gara Linazasoro eta Canoren hitzak lagun, doinuei forma eta norabidea eman nahian. Donostiako Poesia Orduetan eskaini genuen aurkezpen-emanaldia eta orain, kantuak osatu eta ideia berriak sortu ondoren, gure proposamen musikala aurkeztu dugu, Tenpora", azaldu dute.

Lehenengo emanaldiak

"Denbora eta eguraldia, musika eta hitza, baraua eta oturuntza, guk zuretzat prestatu dugun tenpo samur xume bat, une batez barrurago bizi zaitezen, zeuk daramazun jainko ttikiaren baitan. Gure abestiak, gure maitasun guztia eta poza, eta Lauaxetaren min betiko aspaldikoa, eta hori guztia bizitzeko denboraz gabiltzalako, eta nahi dugulako zu gure bidaide izatea, akordez akorde, hanka-punttetan, poza irrian eta denon soa urruntasun gozagarrienean iltzatua. Hementxe, zugandik bihozkada batera", dio Tenpora taldeak bere diskoaren inguruan.

Bere emanaldien artean, ekainaren 13an Tolosako Topic aretoan izango dira, uztailaren 19an Eako Poesia Egunak delakoan eta azaroaren 21an Berako Kultur Aretoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad