Duela gutxi jakin ahal izan dugunez, biztanleriaren ehuneko berrogeiak ez du sekula santan libururik irakurtzen. Datuok Espainiar Estatu osoari buruzkoak dira, baina ez dut uste gure artean oso desberdinak liratekeenik.

Publicidad

Noski, horrekin batera jakin ahal izan dugu biztanleriaren erdiak gutxienez astean behin zabaltzen duela libururen bat. Liburuez ari gara, ez irakurketaz. Zeren irakurri, irakurri, seguru ez dela inoiz, historia osoan, hainbeste irakurri. Sekula liburu bat zabaltzen ez duenak ere egunero irakurtzen du, asko gainera. Kalean eta pantailatan.

Editoreek plazaratu dute txosten hori, guztiz kezkaturik, azken urteotan saldutako liburuen kopuruak etengabe egiten omen duelako behera. Horregatik eskatu diote gobernuari irakurtzeko zaletasuna sustatuko duen plan bat.

Nola bultzatu pertsona bat liburuak irakurtzera? Aspalditik ahalegindu dira horretan argitasun handiko buruak, irakasleak, politikoak, idazleak, editoreak, itzultzaileak, galderari behin betiko erantzunik aurkitu gabe.

Metodo bera erabiliz zaletzen da gaztetxo bat irakurtzera eta gelan aldamenean duen lagunak gorroto dio irakurketari. Seguraski, lehenengoa neska izango da, bigarrena mutila, irakurketari dagokionez ere generoak zerikusi handia baitu. Idazleen eta editoreen artean gizonezkoak gehiengoa dira; irakurleen artean, emakumeak.

Publicidad

Bitartean liburu dendak itxi egiten dira eta liburuak eskuratzeko bideak aldatu. Liburu elektronikoak, ordea, ez omen du hasieran uste zitzaion bilakaera, ez du papera baztertu, agian liburuaren teknologiak abantaila ugari duelako.

Editoreak asaldatu egin dira ehuneko berrogeiak irakurtzen ez duelako, niri, berriz, pozgarri egiten zait biztanleriaren erdiak, besterik ez bada ere tarteka irakurtzen duela jakitea.

Azken batean, literatura, gutxiri asko interesatzen zaion zerbait da eta gehiengoari batere interesatzen ez zaion zerbait. Gaur eta askok paradisu gisa gogoratzen duen iragan hartan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad