Aurtengo edizioko kartela.

Christine Etchevers margolariaren pasioak Durangoko Azoka irudikatuko du

«Bizitzekoa DA!» lelopean izango den 51. edizioak inoiz baino Ipar Euskal Herriko eskaintza zabalagoa izango du

marta goikoetxea

Miércoles, 26 de octubre 2016, 13:44

Durangoko Azoka ate joka dago. Gaur goizean, Gerediaga Elkarteak euskal kulturaren erakuslehio nagusiaren 51. edizioa aurkeztu du Durangoko Arte eta Historia Museoan. «Bizitzekoa DA!» izango da edizio honetako lelo nagusia, hori baita Azokak indartu nahi duen ideia abenduaren 2tik 6ra arte iraungo duen jaian. «Azokara etortzea merezi du, esperientzia aberasgarria da, publiko guztientzat dago plana», nabarmendu Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko presidenteak. Berarekin batera, prentsaurrekoan Azoka babesten duten erakunde publiko nagusietako ordezkariek parte hartu dute: Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria eta Aitziber Irigoras, Durangoko alkatea, besteak beste.

Publicidad

Leloa aurkezteaz gain, aurtengo kartela ere ezagutzera eman dute. Christine Etchevers da 51. edizioaren irudiaren egilea eta Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo artista. Margolaria Bainonan jaio zen 1953an eta Kanbon bizi da gaur egun. Bere karreraren hasieran margolaritza figuratiboa landu zuen, baina gero, arte abstraktua landu du, batez ere, kultura zaharren sinbolo edo grafismoan oinarrituz. Ipar Euskal Herriko margolaritza esanguratsuenetako bat da eta hainbat sari jaso dituen arren, «Hego Euskal Herrian ez du merezi duen ezagupena», aitortu du Txelu Angoitiak, Gerediagako kideak.

Etchevers pozik agertu da Azokako kartela egin izanagatik. «Niretzako ohore handia da gaur zuekin egotea, eta Ipar Euskal Herriko lehenengo egilea izatea. Lan honetan Durangoko berotasuna eta pasioa islatzen saiatu naiz. Hori baita niretzat Azoka: dinamismoa, bizitasuna eta beroa», azaldu du margolariak. Bere lanean elementu anitz agertzea dira. «Liburu eta diskoak antzematen dira, pertsona bat agertzen da liburu baten azalean, beste pertsona bat liburutik ihes egiten, iraganetik eta ametsetatik ihes egiten. Letrak eta alfabetoa ere kartelaren parte dira, kolorea ematen diote, eta kartelari osotasuna ematen diote», gehitu du. Artistaren lanen erakusketa zabalik egongo da azaroaren 17tik urtarrilaren 10era arte Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Kartelaren ildoa jarraituz, Ipar Euskal Herriak «leku eta indar berezia» izango du aurtengo edizioan, hamar urte betetzen baitira Gerediagak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) hitzarmena sinatu zutenetik. Hortaz, 30 ekitalditik gora izango dira era eta formatu desberdinetakoak.

Ikasle Eguna

Aurten Azokak 670.000 euroko aurrekontua dauka, iazkoarekin alderatuta, 50. urteurrena bete zuenean, % 10 jaitsi da, hots, 80.000 euro gutxiago du. Hala ere, «gure eredua mantentzeko eta ilusioz jarraitzeko nahiko», dela adierazi dute Gerediagatik.

Publicidad

Urtero legez, Azoka Ikasle Egunarekin hasiko da. Ohikoa baino lehenago helduko zaigu, abenduaren 2an. Ikasle Egunak indar berezia izango du, eta bere baitan lehenengo aldiz helduentzako tailerrak egingo dira, euskara ikasten ari direnentzat, alegia. Horrez gain, inoiz baino izen-emate gehiago jaso dituzte egun berezi horretan parte hartzeko, «6.000tik gora», zehaztu du Gerediagak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad