Borrar
Agustín Arrieta errenteriarrak ‘Irlak’ ipuin-bilduma kaleratu du.
«Ohiko gertakarietan estaltzen dira auzi handiak»

«Ohiko gertakarietan estaltzen dira auzi handiak»

Agustin Arrieta idazle errenteriarrak bere bigarren ipuin-bilduma kaleratu du

Aritz Gorrotxategi

Sábado, 6 de febrero 2016, 00:44

Agustin Arrieta errenteriarrak bere bigarren ipuin-bilduma kaleratu du, su motelean garatutako ipuinez osatua. Hauek dira berak kontatu dizkigunak.

Bildumari hasiera ematen dion 'Irlak' ipuinak badu, planteamenduan behintzat, Defoeren 'Izurritearen urtea'-ren, Camusen 'Izurritea'-ren edota Saramagoren 'Itsutasunari buruzko saiakera'-ren oihartzunik Beharbada, salbuespena da bilduman.

Bai egia da, ipuin horrek erreferente garbiak dauzka. Jende gehiagok aipatu dit Saramagorena (barka nazala Saramagok!). 'Itsutasunari buruzko saiakera' asko gustatzen zait. Liburu hori irakurtzean, beldurra pasa nuen zenbait eszenetan, gainera kezka eta gogoeta pizten duen beldurra da. Zer zaila den hori! Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Poeren 'Gordon Pym'-ekin. Liburuaren edukia edo istorioa ez dut ondo gogoratzen, baina sentsazio hura ahaztezina da. Poerenean, gainera, irlak eta gaitzak daude. Beste erreferente bat, garbiena, Le Clézioren 'Berrogeialdia' da. Hor, itsasontzi batean doazen pertsona batzuk irla batera eramaten dituzte izurrite bat gertatu delako itsasontzian bertan. Nire 'Irlak'-en kasuan, ez nuen beldurra edo kezka piztu nahi, nahiz eta testuingurua kezkagarria izan, nik lortu nahi nuen giro horretan adiskidetasun harreman bat sortzea, eta irakurleak sumatzea, sentitzea, adiskidetasun/ maitasun hori. Hori lortu dudan edo ez, nik ez dakit, baina buruan horrelako gauzak izan nituen. Hiri eder bat jarri nahi nuen trantze horretan, edertasuna eta amesgaiztoa batera, eta Donostiatik zer edo zer eta San Frantziskotik zer edo zer dituen hiria asmatu nuen

Ipuin irekiak dira gehienak, bat-bateko kolpea bilatu ez eta pixkana irakurlearen gogoan sartzen direnak Egunerokotasunean txertatuak.

Ipuin batzuetatik besteetara badaude aldeak, nik uste. Baina, diozun bezala, ipuin asko egunerokotasunean txertatzen dira, oso gertakari itxuraz arruntetan, eta su motelean garatzen dira, hitzez hitz, esaldiz esaldi. Nire ustez, hori da irakurlea kontakizunean murgiltzeko bidea, bere egin behar du kontatzen dena, errekonozitu behar ditu auziak eta arazoak. Beste ipuin batzuetan badago bukaerako bat-bateko kolpetxoa, eta helburua da kontakizun osoa beste begirada batez ikustea, beste alderdi batetik ikuskatzea, nolabait esatearren. Bat-bateko kolpeak agerikoa zalantzan jar tzen du, berrikuspena eska tzen du.

'Erretiroa' ipuinak gazi-gozoa uzten du ahoan. Xehetasun txiki batekin gai izan zara giza harremanen atzean dagoen tragedia azalarazteko. Bilduman zehar behin baino gehiagotan erabili duzu baliabide hori eraginkortasun narratibo handiarekin. Naziei buruzko 'Zakurra'-n, adibidez.

Bai. Uste dut giza harremanetan, ohiko gertakarietan estaltzen direla auzi handiak, gizakiarentzat garrantzitsuak diren auziak. Auzi garrantzitsu horiek 'desestaltzea', modu iradokitzailean, gauza handia da, lortzen bada. Zenbaitetan lortzen dena da irakurleak esatea, 'a ze tontakeria!'. Baina bada Buzzatiren 'Zazpi solairu' ipuinaren adibidea: gaixo bat joaten da ospitalera, ondoeza, gela bat ematen diote. Dena normala da. Gelaz aldatzen dute. Jarraitzen du normaltasunak. Beste gela bat Dena doa su motelean, itxuraz ez da ezer berezirik gertatzen. Baina kontakizuna bukatu duzunean, ezin duzu burutik kendu, pentsatzen uzten zaitu, jota, kezka piztu dizu Niri behintzat hori gertatu zitzaidan. Hori da helburua.

Irlak al gara gizakiak, bata bestearengandik aparte? Gero eta isolatuagoak ote gaude?

Ez nago seguru. Besteak beste, sare sozialen garaian gaude, globalizazioaren garaian, jendea (behintzat gure gizartean) egun osoa dago, antza denez, konektaturik, isolamenduari muzin eginez. Ematen du egungo gizarteak apurtzen duela irla sakabanatuen eredua, badirudi etenik gabeko konexio globalaren garaian bizi garela. Baina ez nago ziur. Munduaren arazo global latzak aintzat hartuz, arazo horiei erantzun kolektibo edo global bat emateko gaitasunik ezak agian erakusten du interkonexio horiek antzerki erraldoi bat osatzen dutela. Hortaz, irla sakabanatuen irudia agian bide onetik doa.

Azken ipuina ere berezia da. Errenterian kokatuta dago, zuk ondo ezagutzen duzun garai batean. Traizioaren itzalak zeharkatzen du ipuin osoa. Zuk uste traizioaren kontzeptuak ondo definitzen duela garai hura? Gizarte gisa, zerbaitetan izan al gara traidore, halakorik esaterik badago?

Noski, 'traizioa' (txibatoa, koldarra,) indar eta itzal handikoa da giroa oso bortitza denean. Eta garai hartan hitz horrek bere ibilbidea egin zuen. Barrikadak sortu ziren, ez bakarrik kalean. Barrikadak etxeetan, koadriletan, baita barrikada mentalak ere. Eta giro horretan berehala sortzen dira traidoreak, koldarrak, ausartak, heroiak Zer nolako eztabaidak izaten genituen munduaren etorkizunari buruz! Egia esateko, gure aurreikuspenak edo iragarpenak ez dira bete. Edo nireak behintzat ez.

Dena den, ipuin horretan irudikatu nahi izan dut zer edo zer gehiago (edo gutxiago): gazte kuadrilla bat, testuinguru batean, eta nola kuadrilla hark eztanda egiten duen, eta kuadrilla beretik, edo gertutik, nola sortu litezkeen torturatzaileak, torturatuak, hiltzaileak, hildakoak, txibatoak, traidoreak, koldarrak, ausartak, heroiak, droga, (oraindik izenik ez zeukan HIESa).

Laguntza

Zer idazlek edo sortzailek lagundu dizute liburuaren prozesuan? Nondik elika tzen zara?

Nik dena irentsi dezaket, orojalea naiz. Pertsona batek, ezagun, kuadrillako edo lankide batek esaten badit liburu bat izugarri gustatu zaiola, nire zerrendan jartzen dut berehala, eta lehenago edo geroago irakurriko dut. Genero guztietako lanak irakurtzen ditut. Esaterako, azken aldian, irakurri ditut Sergei Dovlatov ('Maleta', euskaratu berria), Tom Wolferen 'Todo un hombre', eta Cristina Fernández Cubas-en 'El año de Gracia' (ederra, hemen ere irlak, naufragoak, gaitzak, erreskateak Poeren eragina sumatzen zaio), baita Xabier Montoiaren ipuin batzuk berrirakurri ere.

Tarteka ipuin bilduma bat irakurtzen edo berrirakur tzen dut. Bai, sarri askotan oso ondo ezagutzen ditudan ipuinak berrirakurtzen ditut, bikainak iruditu zaizkidan edo zitzaizkidan horiek.

Filosofiari eta arteari buruz ere idatzi izan duzu. Nola uztartu fikzioaren jokoa pentsamenduarekin?

Fikzioek askotan ez dute inongo pentsamendu filosofikorik atzetik. Beste batzuetan fikzio bat daukazu buruan bueltaka, eta bukatu eta gero aurkitzen diozu mami filosofikoa. Kontuak kontu, fikzioaren eta filosofiaren arteko lotura ez da derrigorrezkoa. Nire kasuan, batzuetan loturak sortzen dira, baina lotura horiek ez dute zertan garrantzitsuak izan har tzailearengan. Garrantzitsuena da idatzitako fikziozko narrazioak hartzailearengan sua piztea, alde batera utzita egilearen buruan izan diren ideiak eta motibazioak. Badakit baieztapen hori eztabaidagarria dela, baina nik horrela ikusten dut.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ohiko gertakarietan estaltzen dira auzi handiak»