Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
iraitz urkulo
Viernes, 1 de enero 2016, 09:06
Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970) kazetaria da ogibidez. Agian horrek azal dezake haren poemen neurri laburra eta estilo zuzena. 2005ean argitaratutako 'Jat' poesia-lanari (Elea) hamarkada oso bateko isilaldi poetikoak jarraitu badio ere, ez dio tarte horretan idazteari utzi. Isilpeko lan horren emaitza da 'Babeserako kopia', aurkeztu berri duen poema-liburua, Harkaitz Canoren hitzaurrea duena. Hala ere, poema berriak ez dira, antza, soilik irakurleak bere intimitatearen goxotasunean hartuak izateko sortu. Izan ere, poeta azken obra honetan oinarritutako emanaldia eskaintzen ari da Euskal Herrian barrena, Iñaki Mendizabalen argazkien eta Ane Zabala eta Galder Perez aktoreen laguntzaz.
Narrazioa eta kronika landu ondoren, zergatik itzuli zara poesiara hamar urte eta gero? Erabaki kontzientea izan da?
Ez dut uste erabaki kontzientea izan denik. Idazten dudanean ez dut pentsatzen hau poesia izango da, hau kronika, hau luzea, hau laburra. Hautua gero dator. 'Bränskint' narrazio labur-sorta izan zen, baina nik narrazio labur horiek poema moduan ere ikusten ditut. Edozelan ere, seguruen, zerikusia dauka azken bolada honetan gehien irakurtzen dudana poesia dela. Eta agian gehiegi mimetizatu naiz neurriarekin edo.
Poesia da norberaren segurtasun-kopiarik zintzoena?
Zintzoena ez dakit ote den, Pessoak esaten zuen poeta fingidore bat dela, eta alde horretatik, idazten duenak baino ez daki idatzitakoa zein neurritaraino den zintzoa. Baina egia da bere estrukturagatik poesia izan litekeela zuzenena. Mailu bat dela esaten zuen Arestik, eta mailuak eragindako kolpea sentiarazi behar dizu. Uste dut biluziena dela, eta hitz gutxitan asko esan dezakeen molde bakarra.
Teknologia berrien aroan, badago memoria emozionala salbu mantentzerik?
Uste dut teknologiaren aroan despistatu egiten garela sarri, eta eroso bihurtu. Gero eta jende gehiago ezagutzen dut bere buruarengandik deskonexioa behar duena noizean behin. Agian ezinbestekoa da off egitea lan tzean behin. Orain badirudi gure bizitzaren zantzuak gure burua ez den euskarrietan utz ditzakegula. Eta seguru sentitzen gara. Bizitza emozionala geurea da, eta hari eutsi egin beharko genioke. Aurrerapen teknologikoak baztertu barik, jakina, baina nor garen ahaztu gabe.
Zein leku du poesiak zure bizitzan?
Ni beti izan naiz oso poesia zalea. Beti irakurri izan dut poesia asko. Eta orain sekula baino gehiago irakurtzen dut. Plazeragatik eta lanagatik. Poesia dira oheratu orduko mesanotxean dauden berbak. Lotarako orduan lasaitzen nauten hitzak. Edozein momentutan ihes egiteko bidea ematen didan tresna.
Poesian aurkitzen duzu babesa? Ez zara irakurleen aurrean ageriegi, babesgabe sentitzen?
Ageriegi agertu ohi gara beti. Eta idazten duzun zerbait kaleratzen duzunean are ageriago geratzen zara. Hala ere, poema horiek nire bizitzako une batzuk dira, minutu ba tzuk besterik ez. Eta poesia abaro ezin hobea da.
Erantzunak baino, galderak dira bizitzan benetan axola dutenak?
Tira, uste dut denak axola duela. Galderak eta erantzunak. Nik gero eta galdera gehiago ditut, eta gero eta erantzun gutxiago. Erantzunen bila, galdera gehiago aurkitzen ditut erantzunak baino. Ziurrenik, galdera asko denon galderak ere badirelako, erantzunik ez duten galderak.
Poemak
Oso gai intimoak lantzen dituzu: bakardadea, beldurra, zure buruarekiko zalantzak eta bestelako munstroak.
Ez dut uste salbuespen naizenik honetan. Uste dut denok ditugun kezkak agertzen ditudala, baina beste batzuk ez dituzte idazten/ kaleratzen/ agertzen. Poesiak hizpide unibertsalak ditu, munduko edozein hizkuntzatan funtzionatuko dutenak. Denok ditugulako antzerako beldurrak, zalantzak eta munstroak.
Bortizkeria edota artifiziorik gabeko estilo laburra da zurea.
Beharbada badu nire izaerarekin zerikusia. Ez dut uste bortitza naizenik, baina bai zuzena. Adarretatik ibiltzen ez dakit, eta gustatzen zait sintetizazioa. Seguruen nire lanbidearekin ere badu zerikusia: komunikazioa ahalbidetu behar da, eta horretarako ahalik eta zuzenena izan behar duzu.
Hotza eta giro hezea poema askotan errepikatzen dira. Zeren metafora dira?
Egokitu zaigun gizartearen isla dira. Sekula baino hurbilago gaudela uste dugu, baina sekula baino urrunago gaude.
Tonu malenkoniatsua nagusitzen da. Zergatik du alaitasunak hain leku txikia liburuan?
Idazteko tenorearekin du zerikusia. Nik beti idatzi dut eta idazten dut triste senti tzen naizenean, atsekabetuta nagoenean. Eta horrek bere isla du idazten dituzunetan.
Poema erotikoak dira salbuespena. Nola lortu duzu horiek argitaratzeko lotsa gainditzea?
Ba hemen onartu behar dut lotsa zenbait izan ditudala. Baina gero pentsatu nuen idatzitako horiek kaleratuta tiradera batean baino hobeto daudela. Eta askorik pentsatu gabe sartzea erabaki nuen. Gainera, tonu ilunari argi apur bat emateko bide aproposa iruditu zitzaidan.
Zerk ematen dio batasuna bildumari?
Babeserako kopia egin beharrak batzen ditu poemok. Babeserako kopia batean denetarik sartzen da, oso heterogeneoa da. Denak du lekua.
Zein da irakurleengan bilatzen duzun erreakzioa?
Irakurritako poema askotan ikusi dut nire burua. Herri, kultura eta garai oso ezberdineko poetek sentitu eta idatzi dute nik sentitzen dudan berbera. Hori gustatuko litzaidake, norbaitek nik ida tzitakoetan bere burua aurkitzea.
Zertan datza 'Babeserako kopia'-n oinarritutako emanaldia?
Hasieran irakurketa soila izan behar zen. Baina aktore birekin zaudenean -Ane Zabala eta Galder Perez-, azkenean beti dago antzerkitik zerbait. Beraz, hari bati jarraituta, 'Babeserako kopia'-n agertutako poemekin, Iñaki Mendizabalen argazki batzuekin eta Galderrek eta Anek prestatutako teatralizazioarekin ahaleginduko gara liburuaren atmosfera transmititzen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.