Juan Carlos Perez Itoiz taldearen aurpegi ezaguna izan zen.

«2000. urtetik neukan Atxagaren poema horri musika jartzeko gogoa»

Juan Carlos Perez musikari mutrikuarra 'Deitzen dizut, Virgilio' obra estreinatzekotan da eta berarekin elkartu gara bere lana ezagutzeko

jon kortazar

Viernes, 25 de diciembre 2015, 08:38

Juan Carlos Perezen (Mutriku, 1958) lanak mila ispilu utzi ditu gure bidean. Itoiz taldearen (1978-1988) aurpegi ezaguna izan genuen aldi batean, eta seguru haien abesti nagusi hura, 'Lau teilatu', oraindik gorderik dugula gure oroimenean. Ez zen abesti hori bere bidean agerturiko harribitxi bakarra. 'Ezekiel', 'Marilyn', 'Goizeko deiadar', 'Hegal egiten' eta 'Foisis Jauna' Itoiz taldearen abesti zoragarriak dira. Baina pop musikan bere itzala nagusia izan bada ere, gogaiturik edo arrakastaren alde itogarriaz aldendu nahirik, musika mota hori utzi eta musika klasikoaren esparruan egin du bere gogoak ibilbide oparoa. Agian, 2009an, Itoizen musika era sinfonikoan eman zutenean bildu ziren bere gogo artistikoaren alde biak.

Publicidad

Musikeneko, Musika Akademiako arduradun izan genuen eta musika klasikoko esparruan laster Bernardo Atxagaren (Asteasu, 1951) 'Written in USA' poeman oinarriturik 'Deitzen dizut, Virgilio' obra estreinatzekoa da Juan Carlos Perez. Konposaketaren jakin ez dakizunaren fedez aritzea dela esan du, inoiz baino gehiagotan musika eginez misterioan sartuko balitz bezala.

Bernardo Atxagarekin aspalditik ari zara lanean

Bai, nire hasieretatik, esango nuke. 1980 aldean, bera Bartzelonan zegoela, 'Flannery eta bere Astakiloak' izeneko ikus-entzunezkoa elkarrekin egiten ari ginen garaitik hain zuzen ere.

Zergatik aukeratu zenuen Written in USA poema zure musika jartzeko?

2000 urtetik neukan poema horri musika jartzeko gogoa. Hain zen ederra! Orain dela urte batzuk, Bernardo eta biok emanaldi batzuk egin genituen, berak errezitatzen eta nik pianoa eta gitarrarekin kantatzen, eta emanaldi horietan paradisua zen gai nagusia, 'Paradisuko kantak' izeneko kantuen ziklo bat idaztea otu zitzaidan. Piano eta ahotsentzako paradisuari buruzko kantuak. Eta poema hau ere oso egokia iruditzen zitzaidan horretarako.

Euskal munduan ez da erraza aurkitzen horrelako lanik. Uste dut badagoela antzeko ahaleginik Rafael Castrok Arestiren poemetan oinarriturik musika klasikoa egin zuenean

Bai, Castrok egin zituen kanta batzuk Arestiren hitzekin. Nire asmoa ere, piano eta ahotsentzako kantuak egitea zen. Eta hala hasi, eta lau kantu egin nituen. Baina poema horrek eskatzen zidan forma handiko forma zen. Bederatzi estrofa dauzka poemak ('La Divina Comedia'ko Paradisu-ko bederatzi esferak bezala) eta denbora luzea eta espazio zabalak eskatzen ditu. Horregatik orkestra eta koroen presentzia. Koroak, ahots printzipalaren erresonantziak balira bezala agertzen dira denboraren aztarnen esparruan; eta orkestra, etengabeko glissando makal bat bezala mugitzen da atzetik.

Publicidad

Atxaga

Testua ez da Bernardo Atxagaren poema ezaguna, izan ere 'Soinujolearen semea' nobela argitaratu zenean opari eman zen lana izan zen, oso edizio umilean

Ez da oso ezaguna, baina ederra da, eta baneukan betiere asmoa musikatzeko. Poema, oinarrizko gaiaz ari da. Muineraino ailegatzen da eta gizakiaren benetako eta betiko gaiei begiratzen die. Badauka malenkonia, baina baita beharrezkoa den itxaropen pittin bat ere. Esentzialak diren gauzak islatzen ditu, nire ustez.

Virgilioren itzala zabaltzen da nobelan bezala, Dante berri batek galderak egiteko aitzakia gisa Hausnarketarako aitzaki gisa, agian

Bai, ematen du denborak edo espazioak beraien berezko ibilbidea daukatela, eta gizakia, nahiz eta bere ustez gai horietan eragiteko gai izan, ikusle bat besterik ez dela bilakatzen, ohiko «ez gara ezer» leloa behin eta berriro bueltaka ari zaiola. Bai, Dante berri baten berriak ez diren galderak botatzeko aitzakia.

Publicidad

Paradisuaren nahiaren eta beldurraren arteko minaren poema dirudi 'Written in USA' poema.

Ezezagunari lotuta dago beldurra. Virgiliok Urrezko aroa iragarri zuela esaten du poemak, eta «Beldur Harraparia» ezkutatu egingo zela ere bai. Baina ez dirudi hala suertatu denik. Hor jarraitzen du beldurrak, bidaide, paradisurako bidean goazen bitartean.

Zure ibilbide musikalean nola ikusten duzu lan hau. Zeren bila aritu zara.

Lan hau pauso berria da nire ibilbide musikalean. Forma aldetik, irregularra da: bost kanta; lau, piano eta ahotsentzat; eta bosgarrena, orkestra, koroak eta sopranoarentzat; bostak, paradisua gaia ardatz hartuta. Bosgarrenean, 'Deitzen dizut, Virgilio' horretan, biribiltasuna eta kolore zehatz bat bilatu nahi izan dut, poemaren tonua segitu, bera izan baita erabili dudan sistema harmonikoaren etorria. Halako ozenak eta distantziakide diren biolinaren airean jotako lau soken bostun interbalotik ateratako konposatzeko sistema bat erabiliz, poemaren denbora luzea eta espazio zabalak imitatu nahi izan ditut.

Publicidad

Zein etorkizun ematen diozu lanari?

Miren Urbieta sopranoak eta Sociedad Coral de Bilbao-ko koroak, mistoa eta umeena, gehi Bilboko Orkestra Sinfonikoak, egingo dute Deitzen dizut, Virgilio hau. Aste bereko astelehenean, BOSeko Ganbera Musikaren barruan, Miren Urbietak berak eta Arrate Monasteriok kantatuko dituzte beste piano eta ahotsentzako lau kantuak. Lan honen etorkizuna nire eskuetatik at dago jadanik: «alea jacta est». Bere bidea hartu du eta entzuleen erabakiak markatuko du bere izatea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad