Idazlearen argazki hau ere klasikoa bilakatu da, haren lana bezala.

Sarrionandiak berak hasiko du bere lanen irakurketa Bilbon

Ostiralean 'Narrazio guztiak'-en irakurketa jarraituarekin amaituko da Bilbo Zaharra euskaltegiak Iurretako idazlearen lanaren inguruan antolatu duen aste osoko egitaraua

elcorreo.com

Miércoles, 3 de junio 2015, 00:14

Bernardo Atxagak irekiko zuen atzo, 'Deserri eta kartzela poemak' hitzaldiarekin, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Forumak Joseba Sarrionandiari eskainiko dion aste osoko jarduera-sorta. Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan egingo diren saioei -19.00etan dira denak- Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak eta Karmelo Landa Herri ... Batasuna alderdiko buruzagi izandakoak emango diete segida gaur, eta ostegunerako Aiora Jaka eta J.E. Urrutia Capeauren hitzaldiak daude aurreikusita. Jakak, Sarrionandiaren obrari buruzko lehen tesiaren egileak, 'Itzulpena eta sorkuntza: txanpon beraren bi aldeak' mintzaldia eskainiko du. Urrutia Capeau idazle iurretarrak, berriz, herrikide duen Sarrionandiaren narrazioen giltzarriak izango ditu hizpide.

Publicidad

Egunik bereziena, ordea, ostirala izango da, Joseba Sarrionandiaren 'Narrazio guztiak' liburuaren irakurketa jarraitua egingo baita Bilboko Arriaga antzokian hamabi orduz, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Ikasturte amaierako ekitaldi gisa egin ohi du Bilbo Zaharra euskaltegiak, Laboral Kutxaren, Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren laguntzaz, besteak beste, euskal klasikoen irakurketa. Aurten, zortzigarren edizioan, Sarrionandiaren narrazioak aukeratu dituzte. Antzoki barruan ez ezik kanpoandeak jarriko dituzten pantaila handien bitartez ere jarraitu ahal izango da egin erdiko saioa, eta EITBren web gunean streaming bidez emango dute zuzenean.

Idazlearen eskutitza

400 lagunen parte-hartzea izango duen irakurraldiaren helburua, lehenik eta behin, euskal klasikoen balioa aintzat hartzea eta zabaltzea da. Aurreko urteetan Axularren 'Gero'; Juan Antonio Mogelen 'Peru Abarka'; Jon Miranderen 'Haur besoetakoa': Ramon Saizarbitoriaren 'Ehun metro'; Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox'; Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' edo Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' irakurrita, Sarrionandiaren txanda heldu da aurten. Irakurgaia 2011n Elkar argitaletxeak kaleratutako 'Narrazio guztiak (1979-1990) liburua izango da. Bertan, Sarrionandiak 80ko hamarkadan argitaratu zituen hiru ipuin-bildumak bildu ziren: 'Narrazioak' (1983), 'Atabala eta euria' (1986) eta 'Ifar aldeko orduak' (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, argitaratugabeak, jaso ziren liburuan: 'Figlio di cane', 'Maggie indazu kamamila' eta 'Enperadore eroa'.

Irakurleen artean, besteak beste, Ibon Areso Bilboko alkatea, José Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Laborak Kutxako zuzendari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua edota Mario Iceta Bilboko gotzaina egongo dira. Entzungo diren aurreneko hitzak, ordea, Joseba Sarrionandiarenak izango dira. Irakurketa publikoan parte hartuko duten hamasei euskal etxeetako ordezkarienak bezala, Sarrionandiaren saioa -liburuaren aurreneko lerroen irakurketa alegia- aurretik grabatua izango da.

Ekimenaren aurkezpenean ere izan zuen presentzia 2011an Euskadi Saria irabazi zuen idazleak. Mikel Martinez aktoreak irakurri zuen eskutitz baten bitartez esker oneko azaldu zen antolatzaileekin, Bilbon euskara eta literatura bultzatzeko bere liburu bat aukeratu dutelako eta normalean "ezkutuan eta toki publikoetatik urrun egon ohi diren egiak" plazaratzeagatik. Liburuaren etorkizunaren inguruan ezkor azaldu da eskutitzean Sarrionandia, eta irakurle gisa izandako lehen esperientziak ere ekarri ditu gogora, aipatuz liburuek laguntzen dutela "mundua antolatzen eta hobeto ulertzen" eta, horrenbestez, aurrerantzean ere tresna baliagarriak izango direla, askok haien desagerpena iragarri badute ere.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad