Borrar
Primavera Sound

Primavera Sound

Gurasoek umore mingotsez erabaki zuten, autismoa eta aspergerra, biak nahastuta, autisger izan zitekeela...

Harkaitz Cano

Domingo, 31 de julio 2016, 00:09

«Badakit hede bat ematen duela, baina ez da hede bat: umeentzat apropos pentsatuta dago».

Zenbat aldiz ez ote zuen bere amak esaldi hura errepikatu behar izan, guztiz apuratuta, errudun sentituz, Markelek bi urteak bete eta, laguntzarik gabe oinez ikasi bitarte. «Badakit zakur-hede bat ematen duela, baina ez da». Irribarrea itxuratzen saiatzen zen, hiritar jatorren begirada zenbaitetan harritu, eta, gehienetan, kargu-hartzaileei erantzuteko. Zakur-hede hitzak naturaltasunez ahoskatzen saiatzen zen, gero hala zenik ukatzeko. «Ematen du, baina ez da». Saiatu ahal baduzue zuek horretan. Zakur-hede naturaltasunez esaten. Ez da hain erraza.

«Tirante berezi batzuk besterik ez dira, finean, gerriko moduko bat, berari kanpotik eusteko. Mendian inor ez da asaldatzen soka berean elkarri lagunduz doazen bi mendizale ikustean, ala? Are gehiago: premiazkoa da hala izatea. Segurtasun kontua. Bizitza doakie horretan. Ba, zuen umearekin, berdin». Dendariak ongi saldu zien trastea, ezin uka.

Diagnostikoarekin borrokatzeaz, berriz, aurki aspertu ziren. «Txikiegia da oraindik daukan gaitzari izen bat jartzeko», esan zien medikurik zuhurrenak. Txikiegia Markel bera izaki, jakina, ez haren gaixotasuna, gabezia, bere nortasunaren kamustaile zen dena delako buruko gaitz hura. Nola deitu edo izendatu arauzkoa denetik aldentzen denari? Beste psikiatra eta espezialista batzuek, euren buruaz seguruago zenbat eta gazteago, orduan eta ziurrago autismoa eta aspergerra aipatu zizkieten, hurrenez hurren. Gurasoek umore mingotsez erabaki zuten, autismoa eta aspergerra, bi biak nahastuta, autisger izan zitekeela izen egokia semearen gaitzarentzat. Zer axola zien etiketak? Hortik aurrera ez zuten askoz gehiago sakondu nahi izan. Are gutxiago, oraindik zenbait jaki irensteko arazoak zeuzkan umeari pastillen irtenbidea baizik eskaintzen ez ziotenean. Bazeuden bestelako kontu bitxiak ere: adibidez, txiki txikitatik, Leonard Cohenen abestiak gustatzen zitzaizkiola oroz gain, halako moldez non haren kantuak entzun ezean uko egiten baitzion Markelek otorduari.

Zazpi urterekin, Korsikako hondartza batean, «oporrak-arroketan-eserita-pasa-zituen-mutila» izan zen. Arroketako putzuan, zehazki, uretan eserita. Bakarrik hitz egiten zuen eta hondartzako harri biribilak jaurtitzen zituen urrunera, bata bestearen segidan, indarrez eta aspertu gabe. Egunak pasako zituzkeen huraxe beste gauzarik egin gabe jolasean gustura, baldin eta harrikada batekin sei urteko ume danimarkar hari burua ireki izan ez balio. «Umeek txantxetan harrikatzen dituzte igelak, baina igelak benetan hiltzen dira» esamolde klasikoarekin ulertarazi nahi izan zioten Markeli egin zuena ez zegoela ongi. «Baina nik ez dut inor hil»; «Ez, Markel, eta igela ere ez zen danimarkarra, baina egin duzuna ez dago ondo».

Garai horretan hasten da autoekin zaletzen. Kolorea gustatzen bazaio, miazkatu egiten du autoaren txapa, piruleta bat balitz bezala. Bere konexio neuronalak ez dira ohikoenak, ezta hurrik eman ere.

Ez zen ideia ona izan hamahiru urterekin udalekuetara bidaltzea. «Udaleku bereziak» zirelako ausartu ziren arren teorian, «jende bereziarentzat» pentsatuak (aberats lirateke honezkero, berezi hitza entzun zuten aldiro euro bana sartu izan balute itsulapiko batera). «Badakit zuek larrua lasai jotzeko bidaltzen nauzuela udalekuetara». Hirugarren egunean kanpalekutik egotzi eta etxera deitzen dute, marrazketa tailerrean konpasarekin irakasleari eraso egin diolako. «Zuhaitz bat margotzeko esan zigun. Eta hasteko margotzen enborretik. Ni ez nengoen ados: esan nion zuhaitza hostoetatik marrazten hasten denetakoa naizela».

Izan zitekeen hura definitzeko modu bat. «Zuhaitza-hostoetatik-marrazten-hasten-den-mutila».

Batxilergoa gainditu zuen edo gainditu «egin zioten», ez da hain garrantzitsua, baina egia da bigarren hiruhilekoan haurdun geratu zen Soraya ijitoak eta Markelek berak eskolatik alde egin zutenean lasaitua hartu zuela zuzendariak. Pertsona guztiz autonomoa zen ordurako, azkarra eta argia, aspaldi ikasi zuen isiltasunaren balioa, eta oharkabean pasatzen zen kimika fakultatean. Ilea lokien jiran larru-arras moztu eta gandorra utzi zuen goiko aldean. Sei bider saiatu zen gidatzeko baimena ateratzen. Teorikoa lehen aldian aprobatu arren, ez zuen ariketa praktikoa gainditu. Hura zen bere frustrazio nagusia. Karrerako bigarren urtean, gurasoei ikasle pisu batean geratuko zela esan zienean, hauek euren burua eskaini zuten apartamentua bilatzen laguntzeko. «Ez da beharrezkoa: gelako lagun batzuekin geratuko naiz, adostuta dago dena».

Astebete ere ez zeramaten elkarrekin bizitzen, eta pisukideetako batek gurasoei deitu zien. Etxea labezomorroz beterik zeukaten, «Markelen erruz». Nola ez ba. «Zergatik erosten duzu dena bikoiztuta, Markel?».

Bi atun lata. Bi saltxitxoi. Bi Bimbo poltsa. Hutsean ontziratutako Yorkeko urdaiazpiko xerra sobre bi. Bi Nescafé poto. Bakoitzetik bana ireki eta balkoian utzi zuen, pisukideen harridurarako. Zomorroz bete zitzaien balkoia. Labezomorroek gustuko zutena baino ez zuen Markelek aurrerantzean erosten: labezomorroek mespretxatu zuten hura, berriz, hozkailutik hartu eta zaborrontzira bota zuen. «Ez bada ona zomorroentzat, ez da ona guretzat». Neska batekin hasi zela esan zien halako batean gurasoei.

Eta kontatu diozu dena?

Austisger naizela? Bai.

Eta?

Ezer ez. Bere aurreko mutila gotikoa zela dio, nireak ez du hainbeste kezkatzen.

Gurasoek ezagutu egin nahi zuten neska. «Ama, faborez: ez izan plasta». Hala ere, denboragarrenera, ekarri du afaltzera. Neska irribarretsua da Sandra, jatorra eta hizketan uzten duena. Ezin izan dio, ordea, galderari eutsi:

Egia da txikitan zakur-hede batekin lotzen zenutela?

Tiranteak ziren. Errekara erortzear egon zen behin. Orduan ezagutu izan bazenu Kontrola ezina zen.

Sandrak izter artean jarri dio eskua Markeli, haren gurasoei begia kliskatuz.

«Berdin jarraitzen du. Kontrola ezina da orain ere».

Markel telebista ikustera joan denean, haren gurasoekin bakarka geratu da Sandra.

Ongi moldatzen zaretela dirudi. Baina badakizu kontuz ibili behar duzula, ezta?

Zerbait hartzen du bere gaitzarentzat? Berak ezetz dio.

Alkohola eta eszitanteak debekatuta dauzka, hobe horiek aparte. Are gutxiago nahastuta. Baina ez, ez du ezer hartzen. Kimikorik, ez.

Ez da izango kimika fakultatean eskura ez dauzkalako Niri noiznahi ekartzen dizkit.

Barkatu? Zer esan nahi duzu?

Ezer ez, emakumea Txantxa bat zen.

Nahiko finkoa da bere ohiturekin, jabetuko zinen. Zu ondoan bazauzka, gero zaila izango da zu ez egotera ohitzea. Ez dakit ulertzen duzun zer esan nahi dizugun.

Kontuan hartuko dut.

Baina gertatu behar zuena gertatzen da: Sandra bere ex gotikoarekin itzultzen dela. Markelek ez dauka bizitzen jarraitzeko gogorik, eta, bizitzen jarraitzen duen arren, utzi egiten ditu kimikako ikasketak. Beste lau aldiz huts egiten du gidabaimena ateratzeko froga. David Cronenbergen Crash bilakatzen da bere film kuttun: protagonistek autoen barruan eta autoekin jotzen dute larrua, protesi bereziak dauzkate, zauriekin kitzikatzen dira eta istripu ospetsuak berregiten dituzte, James Deanen Porschearena, kasu. Ia egunero ikusten du filma, elkarrizketa gztiak buruz ikasteraino. Volkswagen Landabenera bidaltzen du bere CV-a, lana eskatzeko. Ez dute hartzen. Talde post-punk batean bateria jotzen hasten da orduan, nahiz eta jotzen jakin ez, taldekideei hiru hilabeteko epean tresna menperatuko duen promesa egiten dielako. The Black Keys taldearen disko guztiak erosi eta etxeko garajean giltzaperatzen da. Bete egiten du agindutakoa. Bateria bihurtzen da bere bizitzaren erdigune; entseatzen ematen ditu munduko ordu denak, lotura guztietatik aske sentitzen da musikari esker. Ohiko bateriari, bestelako metalezko piezak gehitzen dizkio: auto baten kolpeleungailua eta llantak, kasu. Ez du harreman gehiegirik taldekideekin, baina haiek estimatzen dituzte bere lanerako gaitasuna, orijinaltasuna eta puntualitatea. Taldeak izenik ez daukanez, ongi iruditzen zaie denei bere proposamena: Autisger.

Zer esan nahi du zehazki?

Auto amerikar bat da: Chevrolet Autisger. Klasiko bat.

Inor ez da arduratzen interneten hori egia ote den begiratzeaz. Fidatzen dira. Gainera, mutilen artean oso gaizki ikusia dago norbaitek auto marka bat aipatu eta ezagutzen ez duzula aitortzea.

Grabatzen duten lehen bideoklipean biluzik agertzen dira taldekideak, lepo inguruan zakur hedeak baino ez dituztela. «Nire gurasoen omenez da», azaltzen die taldekideei. Markelek, bideo horretan ez du zehazki bateria jotzen, txatarra artean topatutako auto zanpatu baten hezurdura baizik. Astebetean ehun mila bisita baino gehiago izaten ditu kantuak Youtuben. Oraindik ez dute diskorik grabatu, baina jada Primavera Sound jaialdira gonbidatu dituzte, Cage the Elephant eta Portugal the Man taldeen aurretik jotzera.

Sandraren antza daukan beste neska bat ezagutzen du, Lena izeneko suediarra. Benetan du antz handia. Haren barruko arropek marihuana usaina dute eta Markel erabat maitemintzen da xehetasun horrekin. «Ni zuhaitza hostoetatik marrazten hasten naizenetakoa naiz», beti izan da horrela. Gaindiezina da neska bati bularretakoa eta tanga eranzten dizkiozunean hormonen festari eta azalaren kitzikadurari marihuanaren usaina nahastea. Lenak ez du erretzen, nola liteke, orduan, bere arropak marihuana usaina izatea? Bere beheko bizilagunek daukate errua: balkoian erretzen dute beti, eta Lenak arropak zintzilikatzen dituen bakoitzean usain hori hartzen dute. Bizilagunen erretze ohituren arabera zintzilikatzen du beti arropa, geroztik, bere mutilari usain kontenturik falta ez dakion.

«Maite duzuna biluzten hasi, maite duzuna biluzten sekula ez amaitu, biluzik nahiz jantzita maite duzun neska usaintzeko arnasa sakon hartu», dio Markelen diarioko anotazio batek. «Kantu baterako ideia», jartzen du gero parentesi artean, baina kantu hori ez du sekula idatziko.

Aise asko segi genezake bere biografian lardaskan, rockero baten sormen paralisiaren, arrakastaren erpina jo ondoren datorren beheraldiaren edo errutina errepikakorraren bila. Zure publikoa zurekin batera zahartzeak (edo zure publikoa zurekin batera ez zahartzeak) taldekideei dakarkien depresiorako joeraren, politoxikomaniarako bide errazaren edo suizidio ahaleginen baten bila ere ahalegindu gaitezke, Markelen bizitzan zoriontsua ez den uneren bat topatu arte. Berehala aurkituko genuke zerbait. Zer zentzu luke horrek, ordea?

Punk kantuak laburrak izan ohi dira, eta bukatzen direnean, bukatzen dira eta kito.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Primavera Sound