Borrar
ANDER CISNEROS
Tentuz
Certamen de Relato Breve

Tentuz

Fiera

Miércoles, 19 de mayo 2021, 19:17

Berandu heldu zen lehenengo eskola egunean. Hamar minutu berandu baino ez, baina nahikoak izan ziren talde guztia korro baten bilduta aurkitzeko. Hankapuntetan hurbildu zen eta libre ikusi zuen tartetxo baten sartu zen. Aurrez-aurre zuen emakume ezezaguna agurtu zuen eskuarekin keinu bat eginez. Lindy hoparen jatorria azaltzen zebilen, seguru aski, irakaslea zena.

— Izotza apurtu behar dugu! Ahaztu dena, jarraitu erritmoa eta hitz egin dezatela gorputzek. Aukeratu bikote bat.

Sorbaldan norbaiten eskua igarri zuen. Esku sendo eta epel bat. Nor zen ikusteko hartu zuen buelta. Irakaslea bera zen. Berrogei urte inguru zituen mutil galanta. Biziz eta energiaz betea, itxuraz. Perfektua zen!

— Nirekin dantzatu nahi? — esanez, eskumuturretik helduz, beregana hurbildu zuen mutilak, Glenn Millerren «In the mood» entzuten zen bitartean. Barrutik ateratzera joan zitzaion poz oihu bati ozta-ozta itxi zizkion ateak. Gaztearen atzamar puntek bere gerriari eragin eta biraka jarri zuten. Jira eta bira! Begi bazterretan malkotxoak agertu zitzaizkion. Zirarra malkoak. Inguruko pertsonen figurek kaleidoskopio koloretsu bat sortu zuten bere aurrean. Milaka urteko existentzian ez zuen parket distiratsu eta labainkor haren gainean sentitu zuen emozioa bizi.

Bi egun zeramatzan hiri horretan. Giroz eta lanez aldatu zen. Guztiz. Izugarri kostatu zitzaion erabakia hartzea. Ezinbestekotzat zuen bere burua. Gainera, nola egin? Mundu guztiak ezagutzen zaituenean ez da batere erraza beste nonbaiten hastea. Arrastorik ez uzteari arreta berezia jarri zion. Onena beste norbaiten larruan sartzea izango zela ebatzi zuen. Literalki. Hori eta dantza eskoletan izena ematea ere erabaki zuen.

Laburra egin zitzaion lehenengo eskola hura. Irakaslearekin dantzatu ondoren beste gizaki batzuekin ere frogatu zuen. Denak iruditu zitzaizkion galantak eta hurbilak. Motelak eta traketsak bai, baina oso interesgarriak. Bizitza laburra eta bakarra izatearen kontzientziak eman behar zien arduraren zama ez zuten pairatzen. Aske bizi ziren.

— Eskolako arau guztien kontra badoa ere, nirekin afaltzera gonbidatu nahi zaitut. Zer diozu? — esan zion dantza irakasleak, beste guztiak agurtu ondoren, bakarrik geratu zirela aprobetxatuz.

Baietz esan zion buruarekin. Hiriaren alde zaharreko jatetxe txiki bat aukeratu zuen Mateok. Dantza eskolan ibilia zen mutil italiar batena omen zen. Baztertxo baten jesarrita, argilunean, ardo beltz kopa pare baten laguntzaz, gozo-gozo kontatu zion Mateok bere historia. Umetako istorioak, Europan zehar bizitako abenturak edo akademia muntatu zuen garaietako pasadizoak. Berak, bitartean, mutu eutsi zuen. Bere begirada beltz sakona eta irribarrea nahikoa ziren gizon haren arreta izateko.

Mateo espezimen interesgarri izan zitekeen lehen froga baterako. Osasuntsua zirudien. Gainera, primeran zekien dantzan egiten ezagutu zituen gainerakoekin alderatuta. Bai, mutil harekin ahaleginduko zen lurralde ezezagun haietan urratsak ematen. Baina kontu handiz ibili behar zuen. Ondo zekien dena joan zitekeela pikutara tentuz ez bazebilen.

Afaria ordaindu eta etxera lagunduko ziola agindu zion Mateok. Parkeko bidea atseginagoa zela esan eta handik eraman zuen. Erdian zegoen urmaelaren ondoan geratu ziren tarte batez. Hantxe, bapatean, oharkabean eta bere baimenik gabe, musu eman zion Mateok ezpainetan. Musu umel eta epela.

Uste baino gehiago tardatu zuen Mateok hiltzen. Hamar bat segundu. Gizaki arduragabe eta ergel hark bere plana izorratu zion: sexua frogatu nahi zuen gizaki batekin. Zeini bururatzen zaio heriotzari musu ematea! Orain beste bat bilatu beharko zuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Tentuz