Chandler Bing
Miércoles, 19 de mayo 2021, 19:45
Gizon hura Gasteizeko maratoia oinutsik bukatzen ikusi nuenean, lehendabizi pentsatu nuena izan zen tipoa erotuta zegoela. Bigarrena, promes bat egin zuela. Hirugarrena, nahi gabe eraso egiten zidala, zeren nik kirol denda bat nuen eta berak mundu guztiari erakusten zion posible zela maratoi bat oinutsik burutzea, eta gainera azkar eta irri handi batekin.
Publicidad
Okerrena, ordea, ez zen tipoa maratoia bukatzen ikustea, baizik eta hurrengo egunean entrenatzen topatzea. Dendatik irtenda nengoen, eta beste egitekorik ez nuenez jarraitu egin nuen bizikletaz. Ez nekien zer ordutan zegoen hasita, baina nire begien aurrean ordubete eta sei minutu egin zituen iluntze hartan. Bezperan bezain oinutsik. Bezperan bezain azkar. Bezperan bezain pozik.
Etxeraino segitu nuenez, biharamonean ez zitzaidan zaila gertatu harekin topo egitea. Bakarrik pentsatu nuen beste ibilbide bat aukeratuko zuela bezperarekiko, eta, bingo, iluntzeko bederatizak aldera lokalizatua nuen Zabalgana parkean. Hamaika laurden gutxiagotan etxean zen bueltan. Ordu bat eta berrogeita hamalau minutu egin zituen. Hogeita zazpi kilometro.
Hurrengo egunean goizago itxi nuen denda eta zazpiak orduko haren etxe ondoan nintzen. Zortziak arte ez zuen irten —normala, egiten zuen beroarekin—, baina nire harridurarako hamar t'erdiak arte ez zen etxeratu. Bi ordu eta hogeita hamabi. Hogeita hamabost kilometro.
Hurrengo egunean hogeita hamar izan ziren.
Hurrengoan berrogei.
Larunbatean ez nuen ikusi, hiria eta inguruak bizikletaz jorratu banituen ere, baina barnetik negarrez nintzen, zeren gizonak nik baino hamar bat urte gehiago izango zituen eta bi urte ziren traumatologoak esan zidala ez nengoela lasterka egiteko egina eta bizikleta hartu beharko nuela. Hura gutxi balitz, teoria guztiak botatzen zizkidan lurrera. Hamasei urte nuenetik hogeita hamaikarekin utzi behar izan nion arte ez nuen inor ikusi oinutsik lasterka, afrikarrak Afrikan salbu, eta zapatiletan ematen zen joera, gainera, gero eta amortiguazio gehiago ipintzeko zen. Baziren txipa zuten zapatilak ere, baziren mila euro balio zutenak, baziren hamaika mota ezberdin, beharkizun bakoitzerako egokiak, eta morroi hark errekara botatzen zituen guztiak.
Publicidad
Horregatik igandean autoarekin irten nuen, eta haren etxe ondoan jarri nintzen goizeko lehen ordutik, susmoa hartuta iluntzean irteteko arrazoia lanorduei zor zitzaiela eta igandean ziur aski goizetik irtengo zuela entrenatzera, lasterketen ordutegietara ohitzeko. Ez nengoen oker.
Goizeko bederatzietarako Gasteizetik urruntzen ari ginen Treviñorako errepidetik, eta aukera izan nuen lehenengoan ez nuen zalantzarik izan. Harrapatu egin nuen atzetik, ez zen ezta jiratu ere egin. Lurrean zegoenean ito egin nuen soka batekin eta maletategian sartu nuen, prestatuta nuena odola dariola izango zuen gorpu bat jasotzeko.
Publicidad
Burgoseko baso batean lurperatu nuen, eta nire zapatila-saltzaile bizitzara itzuli nintzen beste hamar hilabetez, harik eta egun batean Landako urtegitik gidatzen ari nintzela, emakume bat kausitu nuen arte oinutsik lasterka. Hilabete kostatu zitzaidan hura akabatzea, baina egun batean bakar-bakarrik kausitu zen errepide huts batean eta ez zuen zereginik izan nire zapatilen teknologia puntakoaren aurka azeleragailuari denak emanda sakatu zutenean.
Gero urtebete egin nuen lasai, baina egun batean hiru oinuslari ikusi nituen taldean entrenatzen, eta nire ordua iritsia zela jakin nuen. Eskualdatu egin nuen denda, bizikletari utzi eta nire oinak indartzen hasi nintzen, eta lan bila hasi nintzenean lorezaintza aukeratu nuen, arlo hartan behintzat esperientzia apur bat banuelako lurrean zuloak egitearen fruitu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.